Dock Of The Bay jaialdiko epaimahaia, kontzertuak eta elkarrizketak aurkeztu dituzte
Dock Of The Bay Musika Dokumentalen Donostiako Jaialdia hamabosgarrenez egingo da maiatzaren 2tik 7ra. Kartela, epaimahaia, elkarrizketak eta Dock Live! aurkeztu dituzte gaur. Principe zinema aretoetan, Antzoki Zaharrean eta hiriko beste espazio batzuetan, hala nola Dabadaban, Tabakaleran eta Koldo Mitxelena Kulturunean izango da jaialdia. Primo estudioa arduratu da Jaialdiaren irudiaz, “udaberriko” giroa eman nahian.
Epaimahaia
Jaialdiak eman ditu ezagutzera Film Laburren Lehiaketarako Atalaren Epaimahaikideen izenak. Joan Porcel zinema zuzendariak, Jorge Tur zinemagile eta UABko irakasleak eta Amanda Villavieja zinemako soinugileak osatuko dute.
Bestalde, honako hauek osatuko dute lehiaketara aurkezten diren Film Laburren Ataleko epaimahaia: Maider Oleaga bilbotar zuzendari eta Elias Kerejeta Zine Eskolako tutoreak, Miren Iza Tulsa taldeko abeslariak eta Pela Alamo Curtocircuíto Santiago de Compostelako Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendari artistikoak.
‘Elkarrizketak’
Elkarrizketak espazioa ere iragarri du Dock Of The Bay jaialdiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuarekin lankidetzan antolatuko duena. Aaron Rodriguez Serrano izango da espazio horren koordinatzailea, eta ‘Irudiak, etorkizuna gorabehera: errodatzea, erakustea, kontserbatzea’ izenburua izango du.
2022ko Elkarrizketak espazioak zinemaren, zinemako lanbideen eta publikoen biziraupenaren ideiaren ingurukoa izango da. Maiatzaren 4an eta 5ean egingo diren bi jardunaldiren bitartez, Dock Of The Bay jaialdiak prekarietateari eta ziurgabetasunari, irudiekiko eta Zinemaren Historiarekiko maitasunaren esperientziari buruz hausnartzera gonbidatuko ditu parte hartzaileak. Hamabosgarren edizio honetako hizlariak Jorge Tur eta Joan Porcel zinemagile eta epaimahaikideak, eta Mariona Borrull eta Jara Yañez zinema kritikariak izango dira maiatzaren 4ko saioan.
Hurrengo egunean, Pela del Alamo zuzendariak, Ines Calerok eta Laura Garciak sortutako Docs&Talks podcasta, Miren Iza abeslari eta epaimahaikidea eta Miquel Marti Freixas zinema programatzailea izango ditugu ‘Elkarrizketak’ atalean.
Atal paraleloak
Atal Paraleloen egitarauari dagokionez, iragarri dituzte Dock Live! formatuaren barruan Kutxa Kultur aretoan egingo diren ekitaldiak. Verde Prato eta Ainara LeGardon abeslarien emanaldiak izango dira, lehenengoa maiatzaren 5ean, osteguna, 21:00etan, eta bigarrena larunbatean, maiatzak 7, 21:00etan. Gainera, Películas de carretera. El tráfico u otras formas de organizar la vida film laburra proiektatuko da, Claudia Sanchez eta Milagros Valerio zuzendariena. Estreinaldi bete-betea izango da jaialdian, zuzeneko musika eta guzti, maiatzaren 5ean, 19:00etan, Tabakalerako zinema aretoan. BSO proiektuaren barruan sartzen da proiekzio hori, Tabakalera, EQZE eta Kutxa Kultur Klubarekin elkarlanean.
Publiko Berrien Atalaren barruan, Ivan Castellen The rise of the synths film luzea ere aurkeztuko du Dock Of The Bay jaialdiak. Ekimen horren helburua da gazteak zinemara erakartzea eta haiei musika dokumentalen mundua hurbiltzea; “musikaren eta zinemaren plazera transmititu nahi diegu neska-mutilei, eta mundu horretan dihardutenen grina eta dedikazioa azaldu”, gaineratu du Eva Rivera Dock Of The Bay jaialdiko zuzendariak.