Txuri Urdinek irabazi du liga

Historia idatzi du Txuri Urdinek. Lehendabiziko aldiz irabazi dute emakumezkoen izotz hockey liga. Madrilen eskuratu dute titulua, Majadahondari finaleko bigarren partida ere irabazita (2-3). Lehia estua izan dute bi taldeek, etxekoak irabazten hasi direlako. Leticia Abrisquetak berdindu du, eta Cecilia Pilar Lopezek egindako bi golekin markagailua irauli eta errenta handitu dute madrildarrak menderatzeko.
Duela zortzi urte hasi zen lehian Txuri Urdinen nesken taldea, eta 2019an ligako txapeldunordeak izan ziren. Pasa den sasoian ere gertu izan zuten ligako eta kopako titulua. Aurten, ordea, ez dute hutsik egin, eta azken bederatzi sasoitan zortzi liga irabazi dituen Majadahonda indartsua gainditu dute. Hurrengo erronka apirila hasieran izango dute. Denbora borobiltzeko aukera dute kopa ere irabazita.