Lucas Egibar zazpigarren sailkatu da Veyssonazeko Munduko Kopan
Lucas Eguibar. (Argazkia: Basque Team) Lucas Egibarrek zazpigarren postua eskuratu zuen atzo Veysonnazko Munduko Kopan. Final zortzirenetan Kearney estatubatuarra, Lueftner austriarra eta Alvaro Romero Basque Teameko kirolari donostiarra izan zituen aurkari. Bi donostiarrak izan ziren onenak euren txandan, eta lehen eta bigarren postuan amaitu zuten ibilbidea hurrenez hurren.
Final laurdenetan Egibarrek Laurent Bozzolorekin lehia bizia izan zuen, berak irabazi zuen lehen postua eta frantziarrak bigarrena. Alvaro Romerok laugarren amaitu zuen txanda horretan, baina Basque Team-ek nabarmendu duenez, “oso pozik dago denboraldi honetan egindako lanarekin”, Hasiberri Onena izendatu baitute. Apirilaren hasieran junior mailako Munduko txapelketa jokatuko du Veysonnazen eta, beraz, Veyonnazeko zirkuituko esperientzia hau “oso lagungarria” izan zaio.
Finalerdietan Egibar zirkuituaren lehen bi zatietan lehenengo postuan jarri zen, baina hirugarrenean aurkariek aurrea hartu zioten. Egibar hirugarren izan zen, final txikira mugatuta. Finalean Egibar indartsu hasi zen, baina bere lehiakideek zirkuituaren azken zatian bera aurreratzea lortu zuten. Gipuzkoarrak hirugarren bukatu zuen bere txandan, zazpigarren Veysonnazeko Kopan eta bederatzigarren Munduko Kopako sailkapen nagusian.

