Arantza Santestebanen '918 Gau' filmak publikoaren saria eta aipamen berezia jaso ditu Punto de Vista jaialdian
Iruñeko Punto de Vista jaialdiaren aurtengo palmaresa. (Argazkia: Punto de Vista) Sariak pilatzen jarraitzen du Arantza Santesteban zinema zuzendariak. 16. Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian publikoaren sari berezia eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso ditu 918 Gau filmak. Santesteban nafarra bada ere, Donostian bizi da.
Hain zuzen ere, laster hirian ikusi ahal izango da lana, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Apirilaren 3an izango da, Tabakalerako Zinea I aretoan, 17:00etan. Proiekzioaren ondoren, 19:00etan, Santestebanek bere lan prozesua partekatuko du. Sarrerak helbide honetan eskuratu daitezke. Horrez gain, filma urrian iritsiko da zinema aretoetara.
Filmak hainbat sari eskuratu ditu dagoeneko: DocLisboako Nazioarteko Saileko Film Onenaren saria, Torino Film Festivaleko Nazioarteko Dokumental Onenaren saria eta Pontevedrako Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdiko Latexos saria. Bestalde, L’Alternativa Bartzelonako Cinema Independent Jaialdian ere parte hartu du. Aurrera begira, filmak bere ibilbideari jarraipena emango dio 40. Uruguaiko Nazioarteko Zinema Jaialdian –apirilaren 13tik 24ra– eta 37. Municheko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian –maiatzaren 4tik 15era–.

