Goiak dio PP "gezurretan" ari dela motoen auzian, eta "marra gorri bat" gurutzatu duela deritzo
(Argazkia: Hitza) PPk kanpaina bat abiatu berri du udal gobernuaren aurka, mugikortasun eredu berrien harira. PPk dioenez, udal gobernuak asmoa dauka motoak erdigunean sartzea debekatzeko, eta horrek aurkako sinadura bilketa egin zuen astelehenean Okendo plazan; Noticias de Gipuzkoa hedabidearen arabera, 3.200 sinadura bildu zituzten. Gaiaren inguruan galdetuta, haserre agertu da Eneko Goia alkatea, eta PPri “gezurretan” aritzea leporatu dio: “Argi esan behar da: Alderdi Popularrak marra gorri bat gurutzatu du motoen gaiarekin, gezurra erabiltzen duelako bere jarduera politikoan. Kritika politikoa oso legitimoa da beti, eta hemen proiektu askoren inguruan eztabaidatu dezakegu, baina gezurra erabiltzea halako zalaparta edo egonezina sortzeko, muga bat gainditzea da”.
Alkateak azaldu du udalak “mahai gainean” daukala “udal talde guztiekin” batera egiten ari den “mugikortasunaren inguruko gogoeta bat”, baina ez dutela motoen inguruko aipatu erabakia hartu: “Hiri osoan eta bereziki erdigunean mugikortasuna nola berrordenatu dezakegun aztertzen ari gara, zirkulazioa lasaitzeko. Baina ez da egia motorrak erdigunean sartzea debekatzeko erabakirik hartu denik”.
Era berean, Vox alderdi ultraeskuindarrak berriki hirian ireki duen egoitzarekin lotu du PPren jarrera: “Ez dakit ulertu beharko dugun PPk jarrera hau hartu duela Voxek bere bulegoa ireki duelako hirian, eta horregatik urduri jarri direlako. Ez dakit halako lehiaketa batean sartu beharko garen, politika egiteko modu ‘berrien’ inguruan”.
Corominasek dio egia dela diotena
PPren udal taldearen bozeramaile Borja Corominasek alkatearen hitzei erantzun die, eta esan du “egia” dela bere alderditik esaten ari direna, udal gobernuak motoei erdigunean sartzea debekatu nahi diela, alegia. “Fokua benetako arazotik desbideratzea, eta beste alderdien egoitzen irekierei buruz hitz egitea, hori da gaiak molestatzen dielako erakusgarririk onena, Donostiako erdigunea ixteko ideia agerian utzi baitugu”, gaineratu du Corominasek.

