Markaren lanketari buruzko euskarazko jardunaldia antolatu du TaPuntuk
Koldo Mitxelenan izango da martxoaren 23an, 18:30etatik 20:30etara.
Nortasuna Sarean jardunaldiak TaPuntu kooperatibak antolatzen ditu urtero, enpresa edo proiektuei “sarean egoteko abenturan laguntzeko helburuz”, komunikazioaren arloan euskaraz lan egiten duten enpresa eta ekimenekin. Aurten aukeratutako gaia, MarMarka lelopean, marka estrategien garrantzia eta hauen zaintza da: “Nola zaindu zure proiektuaren marka? Zer hartu behar da kontuan marka estrategia garatzean?”
Hizlariak
Jardunaldiaren lehen zatian bi hizlarik hartuko dute parte, Ion Ansa Mendizabal estrategia aholkulariak eta Maider Beldarrain Iribarrek, TheNiu komunikazio estrategikoko agentziako kidea. Beraiekin, marka zaintzeko kontuan izan beharreko gakoak landuko dira eta azken urteetako joerak ezagutu.
Mahai-ingurua
Aditu ikuspegia osatuz, egunerokotasunean marka baten zaintza egiteko ardura duten pertsonen esperientziak ezagutu eta haiengandik ikasteko aukera izango da ere. Itsaso Muñoz Rodriguez Ordiziako Udaletik, Alexander Padilla López Gaztea Irratitik, Aitziber Onaindia Martinez Gau Beltza ekimenetik, eta Arturo Villanueva Arteaga –Biba ardoak ekimenetik.
Izena emateko www.nortasunasarean.eus webgunean.