'Borrokalari transgeneroak' liburuaren aurkezpen hitzaldia egingo dute ostegunean Tobacco Daysen
Katakrak argitaletxeak Leslie Feinbergen Borrokalari transgeneroak liburu aurkezpena antolatu du Groseko Tobacco Days liburu dendan. Aurkezpenean parte hartuko dute Fermintxo Zabaltza itzultzaileak eta Josebe Iturrioz ekintzaile transfeministak. Ostegunean, hilak 24, izango da aurkezpena,19:00etan.
“Borrokalari transgeneroak ez da transen historia osoa eta zehatza, ezta trans mugimendu modernoaren jaiotzaren eta garapenaren historia ere. Aitzitik, da begirada berri bat sexuak eta generoak historian izan duten lekuaz, eta klasearekin, naziotasunarekin, arrazarekin eta sexualitatearekin dituzten erlazioez. Gizarte guztiek onartu al dituzte bi sexu bakarrik? Beti egon al dira hain gaitzetsiak sexuaren eta generoaren mugak gurutzatu dituztenak? Zergatik dira legeen gaia sexu-berresleipena eta cross-dressinga?”
Leslie Feinbergen hitzak dira honakoak. Kattalin Minerrek, liburuaren hitzatzean, honela hitz egiten du: “Hitz hauek 1996ean idatzi zituen Leslie izeneko transgenero honek eta, horrek berak ere perspektiba nahikoa ematen du irakurketak errebisatzeko. Sarri, bere esaldi borobil askoren aurrean neure burua ikusi dut duela hamarkada pare bat idatzitakoek gaur egun duten pertinentzia berresten. Transfobia ez da XXI. mende politikoki asaldatu honetako asmakizuna; borroken arteko mailakatzea ez da gure garaiko ezkerraren arrisku eta mamu berria; feminismoen eta LGTBI borroken joan-etorriko harremanak ez dira gaurko gatazkak”.