Euskara eta feminismoa uztartzeko tailerra egingo du Bagerak asteburuan
Bagera elkarteak feminismoaren eta euskararen arteko elkargunea izan nahi duen tailerra antolatu du martxoaren 25ean eta apirilaren 1ean, San Telmo Museoan: ‘Euskara eta feminismoa: Zer lan egin dute Donostiako emakumeek euskararen transmisioan?’.
Eider Perez Martinez (Pasaia, Gipuzkoa, 1995) idazlea, bertsozalea eta aurkezlea izateaz gain, feminismoak eta euskarak duten harremanaren gainean hausnartzen dabil. 2021ean Pasaian egindako saioa oinarri, berak gidatuko du emakumeentzako antolatutako tailerra. Otsailaren 18an elkarrizketa egin zion IRUTXULOKO HITZAk Perezi.
Tailerraren helburua da “hizkuntza eta generoaren elkar gurutzaketan arreta jartzea, horren kontzientzia piztea eta Donostiako emakumeekin horri buruz hausnartzea, horretarako espazioa eta elkargunea sortzea”. Horretarako, “Donostiako emakume euskaldun, feminista eta hizkuntzaren alde lan egin dutenak identifikatzea eta sareaz jabetzea” bilatuko da, horren bidez, “hizkuntza eta kultur transmisioan Donostiako emakumeek eginiko lana aitortzea eta erreferenteak” ikusaraziz”.
Tailerra joan den hilean zen egitekoa, baina martxora atzeratu behar izan zen. Oraindik izen ematea zabalik da Bageraren webgunean.