Illarrako etxebizitza berrien erdiak babes publikokoak izatea proposatu du EH Bilduk
Biharko udalbatzarrean Ibaetako Illarra eremua urbanizatzeko proiektuaz ariko dira. Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren aldaketa puntuala da eztabaidatuko dute. Gai horri lotura, EH Bilduren udal taldeak bi zuzenketa erregistratu ditu. Batetik, eremuan beste puntu kritiko bat ez sortzeko eskatuko dute, eta, bestetik, eraikiko dituzten etxebizitzen %50 babes ofizialekoak izatea.
“Gure ustez, beharrezkoa da udal gobernuaren proposamena zuzentzea, bere proposamenean ez baitzegoen batere argi. Are gehiago, Goiak publikoki aipatu zuen %50 inguru izango zirela”, azaldu dute. Aurreko legegintzaldian eztabaidatu zen hirigintza proiektu honen hasierako tramitazioa, eta EH Bilduk lortu zuen etxebizitzen %50 babestuak izatea, “eta horrela, udal gobernuak hasieran aurreikusitako etxebizitza babestuen ehunekoa handitzea”.
Etxebizitzen gaineko zuzenketa hori udal gobernuko alderdiekin adostu ahal izango dutela uste du EH Bilduk. “Horrela, behin betiko proiektuan %50eko kupoa beteko da”, nabarmendu dute. “Beharrezkoa da Donostian onartzen diren egitasmo pribatuko hirigintza proiektu guztietan gutxienez %50 babestutako etxebizitzentzat gordetzea. Adibidez, 2022ko udal aurrekontuaren eztabaidan, EH Bilduk eduki ekonomikorik gabeko zuzenketa bat erregistratu zuen zentzu berdinean, baina kasu hartan EAJ-PSE-EEren udal gobernuak kontra bozkatu zuen”.
Puntu kritikoa
Illarrako hirigintza egitasmoan beste puntu kritiko bat sor daitekeela ohartarazi du EH Bilduk. “Begoña Landaburu kale itsuarentzako irtenbide teknikorik egokiena zein den aztertzea eskatzen dugu, beste puntu arriskutsurik ez sortzeko. Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko horrelako neurriak hartzea ezinbestekoa da gure hirian abian jartzen diren hirigintza egitasmo berri guztietan”, azaldu du udal taldeak.