Saharar herriari babesa emateko Elkarrekin Donostiak aurkeztuko adierazpen instituzionala onartu du udalak
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak saharar herriari babesa emateko adierazpen instituzional bat onartu du. Elkarrekin Donostiak egindako proposamenarekin bat egin dute gainerako udal talde guztiek. “Adierazpen horrek Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Mendebaldeko Saharako gatazkan konponbide politiko bidezko, iraunkor eta onargarri bat lortzeko hartutako ebazpena babesten du; hain zuzen ere, saharar herriaren determinazio askea aurreikusten duena”, azaldu du udal taldeak.
Bost puntu ditu adierazpenak, eta testuak ondorengoa dio: “Mendebaldeko Sahara autonomoa ez den lurralde bat da, Nazioarteko Zuzenbidearen mende dagoena eta inoiz Marokoko Erresumakoa izan ez dena; beraz, Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa bertan behera uztea eta saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubidea gauzatzea ahalbidetzea exijitzen dugu”.
Hain zuzen ere, herritar ugari Donostiako Pio XII.aren plazan elkarretaratu ziren atzo, Mendebaldeko Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea defendatzeko eta Espainiako Gobernuak berriki hartutako jarrera salatzeko. Elkarrekin Donostiak salaketarekin bat egin du: “Espainiak Sahararekin duen jarrera aldaketa, soilik Marokoko erregearen xantaia argi baten ondorio izan daiteke, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa da, eta lurralde horri eragiten dion ezegonkortasun giroa areagotzen du”. Hori dela eta, udala Nazio Batuen Erakundearen proposamen multzoaren alde agertu da, Mendebaldeko Saharako hamarkadetako gatazkari irtenbidea eman nahian, saharar herriaren autodeterminaziorako erreferendum baten bidez.
Sarebeko etxebizitzak
Era berean, bozeramaileen batzordeak Elkarrekin Donostiak bultzatutako beste adierazpen instituzional bat onartu du, Sareben etxebizitzen lagapena eskatzeko, udalak etxebizitza horiek kudeatu eta alokairu sozialeko etxebizitzen udal parkera bideratu ahal izan ditzan. Ondorengoa eskatu diote Espainiako Gobernuari: “Etxegabetzeko prozedurak mugarik gabe etetea ahalbidetuko duten legezko mekanismoak gaitzea, gizarte zerbitzuek Sareben jabetzako etxebizitzetan bizi diren eta bizitoki alternatibarik gabeko egoera ekonomikoan dauden pertsonei irtenbideak eskaini ahal izateko”.