"Twitter bozgorailu bat da, eta gure ahotsak entzuna izan behar du... bueno, irakurria"
Twitter oihan bat, leku dibertigarri bat eta komunikaziorako tresna on bat da, dena aldi berean; baina, batez ere, isilik egon ezin duten horiek zoriontsu izateko leku bat da. Izan ere, Twitterren bizi den jende asko dago, eta gai guztiei buruz bere iritzia eman behar duena, norbaiti inportako balio bezala. Dagoeneko etorri zaizu zure ingurukoren bat edo Twitterren askotan agertzen zaizun baten burura, ezta? Edo agian zu zara pertsona hori? Atzean Zuloakoak halako batekin izan dira, Txiolaria bideoan.
Txiolaria-k argi dauka: “Twitter bozgorailu bat da, eta gure ahotsak entzuna izan behar du… bueno, irakurria”. Gaurkotasunezko gai guztiei buruzko ezagutzak dauzka, eta, noski, denei buruzko iritzia emateko beharra dauka: “Ukrainakoarekin, giroa bero dago. Nik abisatu nien, bazetorrela gerra, kontaktuak dauzkat. Baina, troll deitu zidaten”. Hori guztia, El Diario Vasco irakurtzen duen bitartean. Ikastolen auziari buruz ere hitz egin zuen: “Lepora bota zitzaizkidan, baina ez nauzue isilduko. Nire izeba irakaslea da, eta badakit zer gertatzen den”. Izan ere, anekdotetatik analisiak egin eta ondorioak atera daitezke, noski.
Eta, nola ez, norbait hiltzen denean “detaile txiki bat” egitea gustatzen zaio, oraingoan ere, norbaiti axolako balio bezala: “Adibidez, Rafaela Carra hil zenean… Gogoratzen dut aitarekin autoan Benidormera joaten ginenean, nola entzuten genuen. Eta hari bat egin nion”. Hau da, bere buruaz hitz egin nahi du, hori baino ez. Euskararekin ere kontzientziatuta dago, eta “beti” euskaraz txiokatzen du… Bueno, ia beti. “Ikusi duzue bideo hori? El euskera, el idioma más bonito que existe“, gaineratu du. Memeak ere gustatzen zaizkio: “Behin ikusi nuen bat… ‘Sam va lentin’ [barrez]. Nik ere egin nuen bat: ‘Sam ba doa’ [barre gehiagoz]”. Hori bai umorea!
Horren guztiaren ondoren, ordea, oraindik defendatzen du “pena” ematen dutenak ez direla Twitterrekoak, Tik Tokekoak baizik!
Bosgarren denboraldia
Bosgarren denboraldian murgilduta dago Atzean Zuloa, eta beste zortzi bideo argitaratu dituzte dagoeneko: Kriptoanaia, Konkistatzailea, Landarezalea, Etxejabea, Mallot horia, Azkena, Bazkalondoko izarra eta Jakakoa. Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktore donostiarrek gorpuzten dituzte Atzean Zuloaren pertsonaiak. Bagera elkarteak Hiru Damatxo ekoiztetxearekin batera sortutako ikus-entzunezko proiektua da, eta 2018an hasi ziren umorezko esketxak egiten.