"Beste zaintza eredu duinago baten alde greban jarraitzen dute Gipuzkoako erresidentzietako langileek"
Gipuzkoako erresidentzietako langileek 258. greba eguna dute gaurkoa, eta horren baitan, Lan Harremanen Kontseiluan elkarretaratzea egin dute. Izan ere, Aldundiarekin eta patronalekin biltzeko beste eskaera bat erregistratu dute bertan, negoziazioa berraktibatzeko.
Orain arte, Aldundiak ez die erantzun langileek egindako bilera eskaerei. Horietan azkena otsailaren 14koa da; dozenaka gizarte eragileren atxikimenduarekin aurkeztu zuten eskaera. Hala ere, ez dute erantzunik jaso, eta Aldundiak entzungor egiten jarraitzen du.
ELAk eta LABek salatu dute lau urteko gatazkaren eta 258 eguneko grebaren ondoren, egoera gero eta larriagoa eta jasangaitzagoa dela Gipuzkoako erresidentzietan. “Langileek pairatzen dituzten egiturazko arazoak are gehiago larriagotu ditu pandemiak, eta lan baldintzak are prekariagoak dira, langile gutxiago daudelako eta ratio eta lan karga jasangaitzen ondorioz. Esan beharrik ez dago horrek guztiak eragin zuzena duela eskaintzen den zerbitzu eskasarekin eta egoliarren ongizatearekin. Patronalak, aldiz, gero eta diru gehiago irabazten ari dela salatu dute langileek, Aldundiaren utzikeriak babestuta”.
Gainera, sindikatuek salatu dute gehiegizko zerbitzu minimoak ezartzen jarraitzen dutela erakundeek, “onartezina dena, %100ko gutxieneko zerbitzuekin greba eskubidea urratzen baita”. Egoera hori izanagatik ere, grebarekin aurrera jarraituko dutea eta negoziazioa aldarrikatzen jarraitu, beste zaintza eredu duinago baten alde.