Erreformen kontra eta hezkuntza sozialistaren alde, ehunka ikasle atera dira kalera Donostian
Hego Euskal Herriko hiriburuetan greba deitu du Ikasle Abertzaleakek. 34 ikasle atxilotu dituzte Gasteizen, horietako bost donostiarrak.
Ehunka lagun atera dira gaur kalera Ikasle Abertzaleakek deituta, Hezkuntza erreformei ezetz esan eta hezkuntza sistema sozialistaren beharra aldarrikatzeko. Greba egunak jarraipen zabala izan du Ibaetako Campusean, eta Donostiako hainbat institutuetako ikasleak ere atera dira kalera.
12:00etan hasi da manifestazioa Ibaetako ikastegian, baina goizetik aritu dira piketeak fakultatez fakultate. Campusean itzulia egin ostean, Antiguara abiatu dira ehunka ikasle, eta auzoan banketxeen aurrean ekimenak egin dituzte, baita EAJren egoitzan ere.
LOMLOE eta LOSU erreferormak gaitzesteko greba zen honakoa. Ikasle Abertzaleaken arabera, hain zuzen, hezkuntza etengabe ari da erreformatzen, “datorren ziklo ekonomikora egokitzeko”. “Elite ekonomikoek gidatu eta politikari profesionalek egikaritzen dute”. Manifestazio amaierako hitzartzean esan dutenez, egoera orokor bati erantzuten diote plan guztiek: “Krisi kapitalistari”.
Lanak eta ikasketak “bateraezinak”
LOMLOEren bitartez “gaitasun tekniko digitalen irakaspena bermatu” nahi da, ikasleen balioak “lehiakortasunean eta ekintzailetasun kapitalistan” oinarrituz. Pentsamendu kritikoa garatzeko “edozein aukera” ezabatu egingo dela uste dute ere.
Lanbide Heziketako Planaren bitartez, hezkuntzaren norabidea enpresek norabidetuko dutela uste dute: “Enpresa handien esku utziko dute Lanbide Heziketa”.
Unibertsitatean berriz, etekin ekonomikoak eskaintzen dituzten karrerak sustatu eta besteak desagertzen joango direla uste dute. Militantzia politikoa zigortuko dutela uste dute ere.
Lanak eta ikasketak “bateraezinak izaten jarraituko dutela” uste dute, eta prezioen gorakadaren ondorioz, askok. Azterketa ereduarekin “antsietatea izaten” jarraituko dutela uste dute; hain zuzen, zabaldu dituzten mezuetan, Ikasle Abertzaleakek dio ikasleen %35ek duela antsietatea.
Atxilotuak Gasteizen
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzte mobilizazioak, denera milaka lagun batuz. Gasteizko fakultatean istiluak egon direla salatu dute, eta Ertzaintza campusera sartu eta 34 ikasle atxilotu dituzte. Horietako bost donostiarrak direla jakin du IRUTXULOKO HITZAk.
Donostiako Ikasle Abertzaleakek jazarpen poliziala salatu eta EHU egin du atxiloketa hauen errudun “campusean indar polizialak sartzen uzteagatik”. Elkarretaratzea deitu dute gaur arratsaldean 19:30ean Bulebarrean.