Zarata eta bibrazioek sortutako kutsadura akustikoari aurre egiteko ordenantza eguneratu dute
Martxoko udalbatzarrean hirigintza alorreko hainbat gai jorratu eta onartu ditu Donostiako Udalbatzak. Horietako bat da, zarata eta bibrazioek sortutako kutsadura akustikoari aurre egiteko Udalaren jokabidea arautzen duen ordenantzaren hasierako onarpena. Zehazki, ordenantza bera eguneratu dute. Udal talde guztiek bat egin dute behar horrekin, eta horrela, indarrean dagoen esparru juridikora egokitzeko aldaketak, zuzenketa batzuk eta onartu diren alegazioak onartu dituzte.
Bestalde, Añorgako Atotxa Erreka hirigintza eremuari loturiko bi espedienteri argi berdea eman dio udalbatzak. Batetik, a.500.10-11-12-13-14-15-17 eta a.410.1-2-3 lursailak antolatzeko xehetasun azterketa behin betiko onartu dute, eta, bestetik, a.500 1-2-3-4 lurzatien buruzko xehetasun azterketaren behin betiko baimendu dute. Horrez gain, behin betiko onartu dute MZ.06 Agerre hirigintza eremuaren plan berezia, a.40.3 lurzatiari dagokiona.
Ibaetako Illarra eremuko hainbat hirigintza plan ere izan dituzte hizpide. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa batzuk adostu dituzte hiru proiektu aurrera eramateko. IB.12 Illarra eremuari dagokionez, udal gobernuak EH Bilduren eskaerak aintzat hartu ditu. Horrela, leku horretan eraikiko diren etxebizitzen %50 babes ofizialekoak izango dira, eta puntu kritikorik ez sortzeko neurriak hartuko dira. Bigarren eskaera aho batez onartu du udalbatzak.