Zazpigarrenez, kalean lo egitera aterako dira
Hiritarron Harrera Sareak kalean lo egitera deitu ditu herritarrak, beste behin ere. Ondarretako La Sirena aterpetxea neguko egun guztietan ireki dezatela eskatzeko protesta gisa, sei aldiz elkartu dira orain arte, eta zazpigarrenez gaur elkartuko dira, hilaren 24an, Gipuzkoa plazan, aldundiaren arkupeetan, 21:00etan.
Otsailaren 10etik 11rako gauean egin zuten kalean lo estreinakoz, eta 60 lagun elkartu ziren Bulebarreko kioskoan. Ondoren, otsailaren 17ko gauean 40 lagun elkartu ziren Gipuzkoa plazan lo egiteko, beste horrenbeste otsailaren 24koan eta beste horrenbeste martxoaren 3ko gauean. Aldiz, martxoaren 10ean 42 lagunek bat egin zuten Harrera Sarearen protestarekin, eta joan den astean, hilaren 17ko gauean, 33 lagunek.