Arrazakeria ez da txantxa, arrazakeria da
Martxoaren 21a Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Aitzakia aprobetxatuta, Amara Berri Guraso Elkarteak, 'Ez da broma, arrazakeria da', egitasmoa sustatu du Amara Berri Eskola Publikoan. Hamabi tailer egin dituzte Morlans eta Ferreriasko zentroetan, ikasleak kontzientziatu asmoz. Arrazakeriaren kontrako mezuz jositako horma- irudi bat osatu dute. Egitasmoa hasi besterik ez dela egin diote gurasoek.
Bideo bat jarrita hasi dute saioa. Bideo hori, Mexikoko hainbat haurrekin egindako esperimentu bat da. Bideo horietan bi panpina azaltzen dira. Bata zuria, bestea, beltzarana. Panpinen inguruko galderak egin dizkiete haurrei: “Zein da panpina polita? Zuria. Zein da panpina txintxoa? Zuria”.
Ondoren, konnotazio negatiboak dituzten galderak egiten dizkiete haurrei: ” Zein da panpina itsusia? Zein da gaiztoa?” Kasu horietan, panpina beltzarana aukeratzen dute. “Oso harrigarria da” dio Ioane Galarza Aranak (Amara, 1981) Amara Berriko Guraso Elkarteko kideak “haurrak direlako hitz egiten ari direnak”.
Bideoaren bigarren zatian dator “gehien pentsarazten duen unea”. Arrazializatutako umeei galdetzen diete ea beraiek zeinen antza duten, eta “minutu gutxi batzuk atzera kritikatu dutena gorpuztu egiten da”.
Bideoan ikusitakoaren inguruan gogoeta egin dute Amara Berri ikastetxeko 11 eta 12 urteko ikasleekin. Eta “espero ez zituzten erantzunak” jaso dituzte haurrengandik. “Batzuek oso barneratuta dute arrazakeriaren kontrako jarrera, eta asko dugu ikasteko. Era berean, arazo asko azaleratu dira”.
Arrazakeriarekin arduratuta
Amara Berriko Guraso Elkarteak abiatu du egitasmoa, “arrazakeriaren inguruan dagoen lanketa faltaz” arduratuta. Azaldu dutenez, feminismoarekin, euskararekin eta beste hainbat gairekin, lanketa handia egiten da, “ez, ordea, arrazakeriarekin”.
“Eta benetako erronka da”, esan du Estefania Quilezek (Amara Berri, 1982). Gero eta etorkin eta etorkinen seme-alaba gehiago daude Donostiako ikastetxeetan, eta “ezin zaio gaiari ezikusiarena egin”.
Tailerrean aurreiritzi hauek nondik ote datozen galdetzen diete haurrei: “Etxetik, kaletik, komunikabideetatik, pelikuletatik… eta eskolatik ere”. Eskola arrazakeria ematen den gune moduan identifikatzen denean, aukera ematen du lanketa bereziago bat egin ahal izateko. “Uste duzu Amara Berriko ikastetxean arrazakeria dagoela? Zure gelan ikusi al duzu?”.
Kultur aniztasunaz harago, kezka zehatzetatik abiatu dute egitasmoa: “Intentsitate baxuko eraso arrazistak gertatzen dira, eta horiek identifikatzeko tresnak behar ditugu”, dio Iñaki Casado Fernandezek (Amara, 1979) “Are, gehiago, gero eta pluralagoa den herri batean bizi gara, eta prebentzioa gakoa da”.
“Intentsitate baxuko” eraso horiek, modu askotan gertatzen dira, eta “harritu” egin dira gurasoak, uste baino esperientzia eta salaketa gehiago ateratzen ari direlako. Azalaren koloreagatik jasaten dituzten irainak dira gehien errepikatzen direnak. “Jatorri txinatarreko neskatila bat ‘itsusia’ zela uste zuten, adibidez”, kontatzen du Casadok.
Beraien ustez kezkatzeko motibo gehiago badaude ere: “Honi esker jakin dugu, patioan, askotan, jatorriaren arabera egiten dituztela taldeak Gurasoen jatorriaren arabera, alegia”.

Ikasleak, irakasle
Erasoen aurrean zer egin landu dute haurrekin. Quilezek azaldutakoaren arabera, “estrategiak askotarikoak dira, baina gakoa da arazoa kolektibizatzea. Arazoa ez da gaiztoa den pertsona bat edo beste, arazoa handiagoa da: egiturazkoa den arrazakeria, hain zuzen”.
Helduak eta irakasleria ez daude prest erronka honi heltzeko, gurasoen ustez, “tresnak behar ditugu”. Eta hori landu behar da “eskolan, enpresa munduan, publiko zein pribatuan, leku guztietan”. “Latinoamerikatik datorren herri hezkuntzaren ildotik ari gara lantzen” kontatu du Gurutze Aizpuruak (Erroma, Italia, 1977).
Egitasmo honen hurrengo urratsa, hain zuzen, “ikasleak irakasle bihurtuko diren unea” izango da. Ongi Etorri Eskolara kooperatibarekin batera egingo da gurasoei zuzendutako formakuntza. Besteak beste, ‘Familia Lagunen’ kulturarteko topaketak sustatzen ditu kooperatibak, atzerritarrak diren familiei akonpainamendua egiteko. Ez da broma, arrazakeria da leloa duen formazioa, datorren asteartean izango da, hilak 29, Amara Berri eskolan, Ferrerias plazan.
Gurasoak lanketa egiteko gogoz daude, eta hurrengo urteetan garrantzia handia izango duen gai baten aurrean gaudela uste dute: “Denok egin dugu urrats bat feminismoan, mikromatxismoak ikusaraziz, adibidez. Arrazakeriarekin berdina lortu behar dugu. Hau da lanketa egiten dugun lehen urtea, baina jarraitu behar dugu, eta Donostiako eskola guztietara zabaltzea lortu behar dugu”.


