Donostiako Gure Esku Jaizkibelera igoko da uztailaren 2an
Gure Eskuk Pirinioetako Bidea erronkaren aurkezpena egin zuen atzo, Donostian. Hain zuzen ere, uztailaren 2an, euskal herritarrek eta kataluniarrek 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinio osoan zehar. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi lerro bat osatuko dute Euskal Herria eta Katalunia batuz, bi herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko.
Jon Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak eta Irati Elizalde komunikazio arduradunak eman zituzten erronkaren xehetasunak Donostiako aurkezpenean. Era berean, Dani Goñik parte hartu zuen Donostiako Gure Eskuren izenean.
Etxaburuk egitasmoa kokatu eta hiru gauza nabarmendu zituen. Lehenik, erabakitzeko eskubidea ez dela gatazka sortzailea, baizik eta horren ukapenak sortzen duela arazoa. Hau da, estatuek dutela arazoa erabakitzeko eskubidea aurrera eraman nahi duten herrialdeekin. Bigarrenik, Europan gauzak mugitzen ari direla adierazi zuen. Alegia, Korsika eta Eskozia beraien autodeterminazio eskubidea aldarrikatu nahian dabiltzala, pixkanaka. Hirugarrenik, Pirinioetako gailurrak argiztatzearekin batera, erreferendumaren bidea egiteko herriak aktibatzea dela helburua.
Elizaldek, berriz, gailurrak nola egiturako diren azaldu zuen. Izan ere, batzuk mendi berde eta irisgarriak dira, eta erraz iritsi daiteke horien gailurretara. Aldiz, badira mendi gorriak, mendizale direnentzat aproposagoak. Horien gailurretara jende gutxiagorekin iristea aurreikusten dute. Erronkan izena emateko aukera dago Gure Eskuren webgunean.
Donostiako Gure Eskuri dagokionez, Goñik adierazi zuen donostiarrei Jaizkibel mendia egokitu zaiela. Horrela, uztailaren 2an jende asko eramatea da beraien helburua. Aurretik, ordea, lan batzuk egin beharko direla esan zuen Goñik. Hala nola, informazio guneak jarri, material salmenta abiatu eta izen emateak antolatu. Eguna bera antolatu behar dela gaineratu zuen. Bestalde, ekainaren 18an, Donostian, Euskal Herria eta Kataluniaren arteko topaketa bat egingo dela aurreratu zuen.