Kaian igeriketa txapelketak egiten zirenekoa
Garai batean, Fortuna kirol elkarteak antolatuta, igeriketa txapelketak egiten zituzten Donostiako kaian, eta jende ugari joaten zen ikustera. Izan ere, igeriketaz beraz gain, tranpolinetik ere salto egiten zuten, eta ikusgarria izan ohi zen.
Igerilari bat tranpolinetik salto egiten, 1943ko Kaiko Zeharkaldian, kaian bildutako herritarren begiradapean. (Argazkia: Pascual Marin/Kutxateka) Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak gero eta gehiago mugatu du kaiaren udako erabilera, besteak beste, arrapala nagusian zein uretara jaisten diren eskaileretan hesiak jarriz. Kaiko bizilagunek, eta, oro har, donostiarrek, udan betidanik erabili izan dute gunea bainatzeko, uretara salto egiteko, igerian ikasteko eta jolasteko, besteak beste.
Azken urteetan, aldiz, herritarrak kaian bainatzen aritu dira udan, nahiz eta isuna jar ziezaieketen; hain justu, horregatik, pentsaezina da han igeri egitea, Poliziak kargu hartuko bailioke igerilariari.
Ordea, hori ez da beti hala izan, eta herritarrek kaian igeri egiteaz gain, txapelketak ere antolatzen ziren garai batean: Kaiko Zeharkaldiak.

1943ko Kaiko Zeharkaldiko igerilarientzako kaleak, kaiko uretan; atzean, nautikoa eta egungo udaletxea ikusten dira. (Argazkia: Pascual Marin/Kutxateka)
Gutxienez, hamasei urtez
Fortuna kirol elkarteak antolatuta, Kaiko Zeharkaldiek gutxienez hamasei urtez bete zuten kaia igerilariz eta ikuslez. Hedabide honek ez du aurkitu lehenengo zeharkaldiaren erreferentziarik garaiko prentsan, baina bai bigarrenarena: 1940an antolatu zuten. Beraz, pentsatzekoa da estreinakoz 1939an antolatu zutela, baina 36ko gerra bukatu berri zenez, ez da ziurra.
1940tik aurrera, aldiz, urtero daude erreferentziak prentsan, 1954ra arte, XVI. Kaiko Zeharkaldira arte, alegia. Hortik aurrera, hedabide honek ez ditu erreferentzia gehiago aurkitu. Urte horietako guztietako kroniketan aipatzen da txapelketak herritarren arreta bereganatu ohi zuela eta giro ederra izan ohi zela kaian.

1943ko zeharkaldia ikusteko kaian bildutako jendetza. (Argazkia: Pascual Marin/Kutxateka)
1943ko zeharkaldia
Erreportaje honetako argazkiak 1943. urteko Kaiko Zeharkaldikoak dira, txapelketaren bosgarren urtekoak, alegia. Agerian da ordurako arrakasta handia zuela donostiarren artean, kaia jendez lepo ikusten baita, bai pasealekuan eta bai uretan.
Uztailaren 25ean egin zuten txapelketa, eta hala hasi zuen kronika hurrengo egunean Unidad egunkariak: «Atzo, animazio handiz, V. Donostiako Kaiko Zeharkaldia izeneko igeriketa proba izan zen, Fortuna kirol elkarteak antolatuta». Argazkietan ikusten denez, gainera, ez zen soilik igeriketa proba bat, tranpolinetik salto ere egiten baitzuten kirolariek.
Infantilek 300 metroko proba egin zuten, eta seniorrek, aldiz, 600 metrokoa. Parte hartu zuten kirolari gehienak Fortunakoak eta Amaikak Bat klubetakoak ziren, eta, hain justu, Fortunako Jose Maria Aranguenak irabazi zuen infantiletan, sei minutu eta 27 segundoko denbora eginda. Seniorretan, ordea, Iruñeako igeriketa taldeko Jose Luis Ollo izan zen garaile hamar minutu eta sei segundoko denborarekin.
1943an, Donostiako kaian ez zeuden gaur egun udan egon ohi diren itsasontzi partikular guztiak, eta ontzi turistikoak ere ez ziren une oro alde batetik bestera ibiltzen; ondorioz, ura garbiago izango zen, ziur, eta han igeri egiteko gogoa handiagoa izango zen. Gaur egun, egoera oso bestelakoa da, baina ez al litzateke ederra izango kaian igeriketa txapelketa batez gozatu ahal izatea?


