Naturzaletasunak elkartzen ditu
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak 30 urte bete ditu. 1990eko hamarkada hasieran sortu zuten biologia ikasle batzuek, eta hasieratik helburu bati heldu diote: natura ondarearen eta biodibertsitatearen kontserbazioa. Bost lagunek hasitako bidera beste asko batu dira urteotan, eta egun 101 bazkide dituzte. Horietako hiru dira Ainize Oñatibia, Aitziber Egaña eta Maria Blazquez. Atzera begira ez ezik, aurrera begira ere jarri ditu hedabide honek.
Egiako parkea izan zen abiapuntua. 1991n egindako zuhaitz mozketa batzuen harira, biologiako bi ikasle, Xabier Rubio eta Joseba Gurutz De Vicente, elkartu egin ziren. Mozketa horien kontrako jarrera sortu zen hirian, eta horretaz berehala jabetu ziren biak. Izan ere, De Vicente irratira joan zen mozketak salatzera, eta laguntza eskatu zion Rubiori. Irratira biologia ikasten ari ziren beste batzuek deitu zuten, eta elkartzea proposatu zieten biei. Egiako parkean egindako mobilizazioetan parte hartzearekin batera, bilerak egin zituzten talde bat sortzeko.
«Naturaren aurkako etengabeko erasoak zeudelako, eta horien aurrean inor gutxi zegoelako, biologiako bost ikaslek elkartzea erabaki zuten. Talde bat sortzeko beharra ikusi zuten», azaldu du Ainize Oñatibiak. Haritzalden sartu berria izanik ere, ondo ezagutzen du elkartearen historia. Gainera, zuzendaritzako kidea eta diruzaina da. Nabarmendu duenez, taldearen jatorrizko izena beste bat izan zen: Donostiako Parkeen Lagunak. «1992ko udaberrian sortu zuten taldea. Hasi eta berehala, lehendabiziko idatziak egin zituzten. Besteak beste, Urumea ibaiaren kanalizazioaren aurka agertu ziren, eta hiriko zuhaitz mozketak salatu zituzten», adierazi du Oñatibiak. Taldearen izen horri jarri zioten ikurra haritzaren hosto etzan bat izan zen.
1997an elkarte formal eta legal bat sortzea adostu zuten. Sei lagunen artean sortu zuten Haritzalde Naturzaleen Elkartea. «Hasiera batean, Parkeen Lagunak izena jarri nahi zioten elkarteari. Ordea, generikoegia zela esan zieten, eta izen propio bat jartzea aholkatu zieten. Haritzarekin zerikusia zuen izen bat nahi zuten, hemengo zuhaitz mota delako. Horrela, Haritzalde izena jartzea bururatu zitzaien», dio Aitziber Egañak. 1998tik da bazkidea, zenbait urtetan elkarteko presidentea izan zen, eta bera ere biologoa da. «Etxean ereindako ezkur batetik haritz txiki bat jaio zen, eta adarretako bat moztu zioten eskaneatzeko. Haritzalderen ikur izatera pasa zen. Gainera, ereindako landare hura mendian landatu zuten», esan du Egañak.
Sei lagunek hasitako abenturarekin beste hainbatek bat egin zuten. Besteak beste, Egañak berak: «Gaiarekiko interesa zuen jende asko zegoen sortzaileen inguruan, eta taldea legeztatuko zutela adierazi zietenean, askok izena eman genuen. Denbora gutxian sei lagun izatetik 60 bat izatera pasa ginen. Eta horietatik erdiak biologoak». Hegoaldeko zuhaitz igelaren aldeko defentsa eta hemengo zuhaitzen kontserbazioa erabakigarriak izan ziren naturzaleak erakartzeko.
Donostian sortu bazen ere, ez da hirira mugatzen. «Donostialdean lan egiten dugu, baina kanpoko bazkideak ere baditugu. Hazi banaketak egin ditugu hiritik kanpo. Esaterako, Irunen, Errenterian, Lasarte-Orian eta Tolosan», azaldu du Maria Blazquezek. Mendi ingeniaria da eta elkarteko bazkide gazteetako bat. Haritzaldek egun dituen 101 bazkideez gain, natur zaleen zerrenda bat ere badute. «200 baino gehiago dira. Haritzaldek egiten dituen gauzen berri izan nahi dutenek osatzen dute».
Haziak eta zuhaitz landaketak
Hiru hamarkada beteta, Haritzaldek hasierako helburua ez ezik, beste ezaugarri garrantzitsu bat ere mantentzen duela diote Oñatibiak, Egañak eta Blazquezek: «Naturzaletasuna da elkartzen gaituena». Horregatik, Haritzalde Naturzaleen Elkartea da. Era berean, haziak banatzen eta zuhaitzak landatzen jarraitzen dute. «Uste dut 1998an hasi ginela hemengo zuhaitzen haziak banatzen. Biodibertsitateari eutsi nahi badiogu, hemengo espezieak landatu behar dira. Izan ere, ezinbestekoa da biodibertsitatearen kontserbazioa. Hiru maila garrantzitsu dituelako: habitata, espezieak eta espezieen barruan dagoen genetika. Horri eusteko funtsezkoak dira hemengo espezieak mantentzea», nabarmendu du Oñatibiak.
«Eta zeintzuk dira hemengo zuhaitz espezieak?», galdetu izan diete maiz, hiruek aitortu dutenez. Hainbat dira, baina esanguratsuenak ondorengoak: haritza, pagoa, lizarra, astigar txikia, astigar zuria, erkametza, gaztainondoa eta artea. «Haritzalde sortu zenetik irteerak egiten ditugu mendi eta basoetan. Haziak biltzen ditugu, ondoren banatzeko», esan du Oñatibiak. Hazi horiek doan banatzen dituztenez, elkartea kexatu izan da kalean mahai bat jartzeko udal zerga ordaintzera behartu dituztelako. «Diru gutxi da, baina inolako diru asmorik gabe banatzen ditugu haziak».
Zuhaitz landaketak, berriz, 1997an bertan hasi ziren egiten. «Mendizorrotzen landatu genituen lehendabiziko zuhaitzak, eta, noski, haritzak ziren», esan du Egañak. Ordutik, 7.000 bat zuhaitz landatu ditu Haritzaldek. Espezieen zerrenda are luzeagoa da: haritzak, pagoak, lizarrak, arteak, altzak, urritzak, gurbitzak, erramuak, gorostiak, zumalikarrak, zumarrak, astigar txikiak, astigar zuriak, elorri zuri eta beltzak, sagarminak eta makatzak, besteak beste. Donostian landatu dituzte zuhaitz gehienak. Hala nola, Igeldoko Mendizorrotzen, Puion, Loiolako Erriberan, Txominen, Loiolan, Miramonen eta Egian. Hiritik kanpo ere hainbat lekutan egin dituzte zuhaitz landaketak. Esaterako, Altzon eta Aian.
Haritzaldeko bazkideen eta lagunen bi egitasmo estimatuenak dira haziak biltzea eta zuhaitzak landatzea. Hori mantendu eta indartzeko asmoa dute aurrera begira. «Gero eta gehiago dira Haritzalderen horrelako jardueretan parte hartzen duten pertsonak. Beraien familiekin etortzen dira irteeretan haziak biltzera, eta zuhaitz landaketak egitera. Azken batean, natura ondarearen kontserbazioan bakoitzak bere aletxoa jarri nahi du», adierazi du Oñatibiak.
Igelaren defentsa eta beste auzibideak
Donostiako ikurretako bat da hegoaldeko zuhaitz igela. Dbus autobus konpainiaren logoan eta ibilgailuetan ikus daiteke, eta Gipuzkoa Basket saskibaloi taldearen maskota da. Ordea, ikur bihurtu den igeltxoa desagertzetik gertu egon zen hirigintza plan baten ondorioz. Haritzaldek egindako lanari esker, galtzeko arriskuan dagoen anfibio izaera eman zioten, eta haren kontserbaziorako kudeaketa plan bat adostu zuten 1990eko hamarkada bukaeran.
Ibaetako Gurelesa enpresaren ondoko urtegian igeltxoaren populazioaren %85 zegoen, eta hiriko ugaltoki bakarra zen. Aurreko hamarkadatan, putzu asko desagertu ziren, eta ugaltokirik gabe, espeziaren gainbehera nabarmen azkartu zen. «Gurelesak industrialde bat eraiki nahi zuen urtegiaren lekuan, Iparlat Urnietara mugitu behar zelako. Gurelesak alboan zuen urtegia erabiltzen ez zuenez, gainean eraiki nahi zuen industrialdea. Nahiz eta babes mailarik altuena izan, ez zuten errespetatu nahi», gogoratu du Egañak. «Haritzaldek 1997an ohartarazi zuen igeltxoa arriskuan zegoela, eta 1998an hainbat mobilizazio egiten hasi ziren», gaineratu du Oñatibiak.
Elkarteak auzibide administratibotik jo zuen lanak gelditzeko, baina fruiturik eman ez zuenez, salaketa bat jarri zuten bide penaletik. «Nazioarteko adituen batzorde batek txosten juridiko bat prestatu zuen igeltxoa babesteko. Espainiako hainbat unibertsitatetako adituren babesa ere lortu zuten. Sinadurak ere bildu ziren, eta Aranzadik egindako txostenekin batera epaileari aurkeztu zizkioten», azaldu du Oñatibiak. Horrela lortu zuten Ibaetako lanak gelditzea. 2001ean Haritzalde, Aranzadi, enpresa eta Gipuzkoako Foru Aldundia akordio batera iritsi ziren. «Galtzeko arriskuan zegoen espezie baten lehen kudeaketa plana izan zen. Horri esker, putzu sare bat eraikitzen hasi ziren, eta dagoeneko hogei bat daude», esan du Blazquezek. Aurten 25 urte beteko dira igeltxoaren aldeko defentsa lan eraginkorra abian jarri zutela.
Epaitegietara maiz jo behar izan du Haritzaldek bere helburuari eusteko. Añorgako Belartza eremu zabalaren artifizializazioaren kontra egindako lana da beste eredu esanguratsu bat. Belartza 2 Gelditu! Plataformarekin elkartu ziren lekuan egin nahi zuten plana gelditzeko. Ordea, ez zuten lortu eta saltoki handi bat eta janari azkarreko ostalaritza zerbitzu bat eraiki zituzten. Dena dela, oraindik itxaropena dute Belartza Goikoan 2016an egindako betelan ilegalaren auzia irabazteko. 2019an EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Haritzalderi, eta harri pilaketa egin zuen enpresa eta Donostiako Udala zigortu zituen. Horrela ere, udalak oraindik ez du eremua lehengoratu. Gauza bera gertatu zen Lourdes Txikiko mendi magalarekin. Balio handiko zuhaiztia soildu zutela salatu zuten, eta oraindik ez dute eremua lehengoratu.
Hiru hamarkadaren ondoren, epe motz eta ertainera Haritzaldek hainbat helburu dituela diote Oñatibiak, Egañak eta Blazquezek: «Gerriko berde eta urdinaren babesa, Antondegin surf olatuen parkearen kontrako jarrera, Belartza Unanue Landa Parkean sartzea, Mendizorrotz Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea, eta baso naturalak zein zuhaitz mozketak mendian zein hirian saihestea».