Asteazkena izango da Errigorako produktuak eskatzeko azken eguna
Donostian Errigorako produktuak jasotzeko hamar gune egongo dira
Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak, eskaerak egiteko azken eguna martxoaren 30ean izango da. Kontsumitzeko erak aldatzeko bide bat proposatzen du kanpainak eta oliba-olio birjina estra, kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatu ahal izango dira, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.
Eskaerak
Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.
Banaketa
Banaketa apirilaren azken astean eta maiatzaren lehen hamabostaldian izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dituzu. Eskaera egiterakoan aukeratu behar duzu produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko duzu jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa-guneak.
Ordainketa
Ordainketa txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izango duzu (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez baduzu, dena batera ordainduko duzu, eskudirutan, produktuak jasotzean.
Guzti hau auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean.
Donostian jaso
Euskalgintzak egindako sareari esker hainbat dira Donostian Errigoraren produktuak jaso ahal izateko guneak.
Name | Auzoa | |
---|---|---|
Amarako AEK | Amara | |
Arrano alde zaharra | Parte Zaharra | |
Axular Lizeoa | Aiete | |
Doka Kafe Antzokia | Antigua | |
Erribertxo elkartea | Loiolako Erribera | |
Ikastolen etxea | Añorga | |
IKO Igeldoko Kooperatiba | Igeldo | |
Irrintzi AEK | Gros | |
txoko internazionalista | Egia | |
Zurriola Ikastola | Gros |