Zurriolako segurtasuna egungo erabilera mailara egokitzea proposatu du EH Bilduk
EH Bilduk proposatu du apiriletik urrira bitartean Zurriolako hondartzan sorosle zerbitzu publiko aktibo bat egotea; 11:00etatik 19:00etara –hondartza denboraldian izan ezik, ekainaren 1etik irailaren 15era ordutegia 10:00etatik 20:00etara izaten delako–. Proposamena udaletxean erregistratu dute. “Hondartza honen erabiltzaileek eta sorosleek proposatutako neurri bat da, Euskal Herriko beste hondartza batzuetan hartu dituzten neurriak adibidetzat hartuta; hala nola, Miarritzen”, azaldu du Olaia Duarte zinegotziak.
Hilaren 15ean Zurriolan zendu zen estatubatuarraren harira, hondartzako segurtasunari buruzko eztabaida areagotu egin dela dio EH Bilduk. “Hainbat ahots altxatu dira azken egunotan, baita hildako surflariaren omenaldian ere, sorosle zerbitzua surf denboraldi osora zabaltzeko eskatuz”, nabarmendu du Duartek. “Zurriolako hondartzako surflariek oso ondo dakite zertaz ari diren. Izan ere, gaur egun, haiek dira taldeka antolatzen direnak, boluntario moduan, segurtasuna bermatzen saiatzeko udal gobernuak sorosleen zerbitzu publikoa ezartzen ez duen hilabete guztietan. Adibidez, jakinarazi digute 2021eko apirilean, Aste Santuko oporretan, hamasei esku hartze egin zituztela arriskuan zeuden surflariak eta bainulariak salbatzeko”.
Duartek gaineratu duenez, Zurriolako hondartza euskal erakunde guztietatik gehien sustatu den hondartzetako bat da, “eta esan daiteke azken urteotan turismo saturaziora iritsi dela”. Donostia Turismoa eta Donostiako Sustapena udal sozietate publikoek hondartza horren erabilera bultzatzen dute Donostiako Surf City Klusterraren babespean, eta gaur egun Donostia da Surfeko Hirien Nazioarteko Sarearen buru, eta haren jarduerak eta ekitaldiak koordinatzen ditu. “Hala ere, surfaren sustapenari dagokionez, eskaintzen diren funtsezko zerbitzuak ez datoz bat sustapen maila horrekin”. EH Bilduk eskatu du Donostiako turismo sustapena “serioski birplanteatu” beharko litzatekeela; “baina, bitartean, sustapen horrekin batera, erabilerari dagozkion garbiketa, segurtasun eta kalitate zerbitzuak ere eskaini behar dira”.
Surflarien eta erabiltzaileen eskaeren aurrean, Eneko Goia alkateak pasa den astean esan zuen “oso zail” ikusten duela sorosleen zerbitzua bermatzea, eta “erantzukizun indibiduala” eskatu du surfa egiteko garaian. “Ulertezina da udal gobernuak sorosleen zerbitzua ez ezartzeko erakutsi duen egoskorkeria; izan ere, ezin da gonbidatu Donostiara etortzeko munduko surflari guztiei, urteko edozein garaitan, eta, aldi berean, oinarrizko zerbitzuak ukatzea, bai bertako erabiltzaileei, baita bisitariei ere. Horrek guztiak Zurriola surfean aritzeko hondartza ez seguruenetako bat bihurtu dela diote surflariek”, esan du Duartek.