LOMLOE erreformaren kontra kalera atera da Ikama ikasle antolakundea
Ikama ikasle antolakundeak greba eguna antolatu du gaurko eta 200 bat lagun batu ditu goizean egindako mobilizazioan. Donostian ez ezik, Bilbo, Bergara, Amurrio, Gasteiz eta Iruñean bildu dira ehunka ikasle “krisi egoera hau betikook ordainduko ez dugula esatera” eta hezkuntza sistema “errotik aldatu ezean, sistemaren erroko aldaketa baten eskutik”, amore ez dutela emango adieraztera.
Ikasleek adierazi dutenez, “hezkuntza negozioa da egun, gutxi batzuk gehiengo oso bat haien balore eta praktiken baitan hezteko negozioa”. Eta horretan “berresteko” etorri zen pasa den urtean LOMLOE legea Espainiako Estatutik, “dena lotuta eta ondo lotuta izateko”. Gehitu dutenez, “ikasleak eskuetatik lotuta gaituzte ikastetxeen barruan, itotzen gaituen ebaluazio sistema batekin, gure jatorriagatik ikastetxeka segregatzen gaituztelarik, ikasketa prozesua aurrera eramateko materialetan inbertitu behar dugun diru guztiagatik, ikasleon gaineko etengabeko kontrol eta kriminalizazioa, euskaraz ikasi eta bizitzeko ezintasunagatik”. Honek guztiak, nola ez, gure osasun mentalaren kaltetzea dakar, presio eta beldurraren doktrinak muturreko egoera batera eraman gaituelarik.
“Sistemak eta egitura instituzionalak dituen mugak kontuan hartuta”, ikasturte honetan aukera berri bat ireki dela uste dute, “Hego Euskal Herrian gure herrian dugun eredua iraultzeko”. Aipatu akordioa, “EAEn bide onetik” doala uste du Ikamak. Edonola ere, kezka adierazi dute adostutako akordioek zein norabide har dezaketen eta horretarako, adierazi dutenez, “ezinbestekoa izango da mobilizazio sozialean eragin eta ikasleok gure aldetik kaleetan zein ikastetxeetan eragiten jarraitzea”.