Loiolako Erriberako bizilagunek ez dute inolako etxebizitza proiekturik nahi
“Nahikoa da” esan dute Loiolako Erriberako bizilagunek. Riberas en Accion egitasmoak 1.000 sinadura inguru aurkeztu ditu udaletxean, Loiolako Erriberan egin nahi dituzten etxebizitza proiektuen kontra protesta egiteko. Josu Rodriguezek, egitasmoaren bozeramaileak, eman du prentsaurrekoa.
Hain zuzen, gaur aurkeztu du Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin batera Loiolako Erriberan aurreikusita zeuden etxebizitzen proiektuaren xehetasunak. Eraikinaren inpaktu fisikoak eta gehiegizko bolumenak sortu duen polemika ikusita, Pedro Jauregi Etxebizitzako sailburuordeak gaur goizean esan du bizitoki zerbitzudun egokitu horien eraikigarritasuna murriztea proposatuko dutela. Hasieran hogei solairuko eraikin bat egin nahi zuten bertan, 120 bizitoki zerbitzudun egokiturekin. Hala ere, kexen aurrean “sentiberak” izaten saiatu direla azpimarratu du sailburuordeak, eta eraikigarritasuna %40 murriztuko dute leku horretan: hogei solairuko erakinaren ordez hamahiru solairuko bat eta zazpi solairuko beste bat egingo dituzte, eta orotara, 90 bizitoki zerbitzudun egokitu eraikiko dituzte.
Bizilagunen arabera, “Ez du ezertxo ere aldatzen. Hogei pisuren ordez, zazpi edo hamahiru izateak, beste dorreen pareko jartzen du, besterik ez”. Bizilagunen ustez, kontaminazio akustikoa arazo handi bat da, “Donostiako handienetakoa da”. Araudiaren arabera, “debekatuta dago 50 metro baino gutxiagora eraikitzea”. Zergatik darama aurrera orduan Eusko Jaurlaritzak proiektua? Ekipamenduetarako etxebizitzak direla argudiatua. “Etxebizitza librea bada, ezin da egin, baina bestelakoak bai. Hor ikusten da nortzuk diren lehen eta bigarren mailako herritarrak”.
Auzoan bestelako beharrak
Bizilagunek defendatu dutenez, “ez gara proiektua kritikatzen ari”, beste modu batean egin dezaten nahi dute, “Donostian badaude leku asko egiteko”. Besteak beste, auzorako ekipamenduak behar dituztela eskatu dute. “Ez dugu kultur etxerik, ez eta haur eta gaztetxoentzako lekurik ere”. Berdegunea izatearekin ere konformatuko zirela esan du Rodriguezek, “baina hor ere, udalak utzikeriaz jokatzen du, inguruko belardiak mozten dituzte eta hau abandonatua dute”.
Auzoan “aspalditik” duten aldarrikapen nagusia anbulatorio faltarena da. “Egia, Loiola eta Amara Berri inguruan daudela esaten digute, baina ez daude gertu, eta uste dugu auzoak merezi duela”.