Palestinaren Lurraren eguna dela eta, elkarretaratzea egingo dute bulebarrean
Palestinar Lurraren eguna dela eta, mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan BDZ mugimenduak. Israeli boikoita, desinbertsioa eta zigorrak eskatzen ditu mugimenduak eta hainbat talde internazionalistak hartzen du parte bertan.
1976ko martxoaren 30ean, herri palestinarrak greba orokorra deitu zuen Israelgo Estatuak etengabe bere lurrak lapurtu izana salatzeko. Armada Sionistak “Israelgo herritartasuna” zuten zazpi gazte palestinar hil zituen, 2.100 hektarea palestinarren konfiskazioa geldiarazteko manifestatzen ari zirela. Lur hauek, sionistentzako koloniak eta entrenamendu militarrerako eremu bat eraikitzeko asmoz lapurtzen ari ziren.
Deitzaileen ustez, herri palestinarraren aurkako “kolonizazio, garbiketa etniko eta apartheid prozesua ez da eten ordutik”. Zapalkuntza hau salatzeko gaur, hilak 30, arratsaldeko 19:00etan Bulebarrean elkartuko dira Palestinar herriaren askatasuna eskatzeko.