Amaitu da Atzean Zuloaren bosgarren denboraldia
Atzean Zuloaren 'Etxejabea' bideoa. (Argazkia: Atzean Zuloa) Atzean Zuloakoek amaitutzat eman dute bosgarren denboraldia, bederatzi esketx argitaratuta: Kriptoanaia, Konkistatzailea, Landarezalea, Etxejabea, Mallot horia, Azkena, Bazkalondoko izarra, Jakakoa eta Txiolaria. Betiko legez, Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktoreek gorpuztu dituzte denboraldiko bederatzi pertsonaiak, eta Hiru Damatxo ekoiztetxeak Bagera elkartearekin elkarlanean garatu du denboraldia.
Denboraldia ixteko, bideoek izan dituzten ikustaldiak aztertu dituzte Atzean Zuloakoek, eta arrakasta gehien izan duten hiru bideoak zeintzuk izan diren jakinarazi dute. Etxejabea izan da arrakasta gehien izan duen hirugarren bideoa, sekula etxea erosiko ez zuen baina jada bankuarekin ezkondu den lagun horri buruzkoa. Azkena izan da bigarrena, beti parrandan luzatzen den lagun horri buruzkoa. Twitterreko @mikel_marrazki erabiltzaileak proposatutako bideoa da hori, Atzean Zuloakoek denboraldia hasi aurretik egindako lehiaketaren irabazlearena. Azkenik, arrakasta gehien izan duen bideoa Jakakoa izan da: “Jakakoa izan da esketx ikusiena, agian, Euskal Herri erdia Jakara joan ohi delako, eta beste erdiak Jakara doazenak gorroto dituelako”, adierazi dute Atzean Zuloakoek.
Jarraian, hiru bideo horiek:
