Añorga eta Errotaburu arteko lotura "atseginagoa" proposatu du EH Bilduk
EH Bilduk urtarrila bukaeran aurkeztu zuen GI-20 saihesbidearen eraldaketa proiektua. Ordutik, partaidetza prozesu bat egiten ari dira. Intxaurrondoko saioaren ostean, Añorgan batzar irekia egingo dute apirilaren 7an, 19:00etan, auzo elkartearen lokalean. Añorgako herritarrei liburuxka bat banatu diete etxez etxe, proposamenari buruzko informazioa helarazteko. Batzarraz gain, erakusketa ibiltari bat jarriko dute herritarren kezkak argitzeko.
Añorgari dagokionez, zortzi hektarea inguruko libratzea eta “bizitzaz betetzea” aurreikusten dute. Espazio naturalak berreskuratuko lituzkete, Añorga eta Errotaburu arteko lotura “atseginagoa” izateko. Gainera, aisialdirako gune berriak sortuko lituzkete, eta proiektu ekonomiko traktore berriak garatzeko erabil daitezke.
2023. urte hasierarako
Partaidetza prozesua 2022an zehar garatuko dute, GI-20 saihesbideak zeharkatzen dituen auzoetan. “Helburua da, guztion artean, saihesbidea eraldatzeko proposamen zehatza eta integrala osatzea, 2023aren hasieran aurkezteko”, azaldu dute.
Lehen saioa Intxaurrondon egin zuten, eta balorazioa “oso baikorra” dela adierazi dute: “Auzoko 35 elkartetako arduradunarekin harremanetan jarri ginen proiektua azaltzeko: hezkuntza komunitateak, auzo elkarteak, kirol elkarteak, emakume taldeak, gazte taldeak… Gainera, liburuxka bat banatu genuen etxe guztietan, erakusketa ibiltari bat jarri genuen eta hitzaldi bat eta batzar ireki bat antolatu genituen. Herritarren erantzuna oso ona izan zen”. Añorgako saioaren ondoren, partaidetza prozesuarekin Aste Santuaren ondoren jarraituko dute Loiolan, Loiolako Erriberan eta Egian.
Horrekin batera, EH Bildu hiriko eragile sozialekin harremanetan jarri da, eta maila guztietako ekarpenak jasotzen ari dira. Era berean, aurreratu dute saihesbidea eraldatzeko bide instituzionalean urratsak egitea aurreikusten dutela: “Donostiako Udaletxean hainbat fronte ireki ditugu: HAPOaren aldaketa, Emisio Gutxiko Eremu bat ezartzeko legezko beharra eta Next Generation funtsak, besteak beste. Talde politikoekin erronda bat egitea ere aurreikusi dugu. Azken batean, EH Bildu prest dago proiektua abian jartzeko behar diren zubiak eta espazioak eraikitzeko”.