Harrera egin dio udalak Isabel Etxeberria 107 urteko andereño donostiarrari
Isabel Etxeberria Gorriti eskola maistrak (Donostia, 1915), Kataluniako Generalitateak eskaintzen duen errekonozimendu saririk garrantzitsuena jaso zuen abenduan: Creus de Sant Jordi, hain zuzen. Ekitaldian 20 laguni eman zioten saria, eta Etxeberriak Llancá herrian frankismoan zehar egindako andereño lanak azpimarratu zituzten. Eneko Goiak alkateak eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak harrera egin diote gaur.
Errepublikazalea eta maistra
Errepublika aldarrikatu zenean 16 urte zeuzkan Etxeberriak. “Herria aberasteko helburuz”, irakasle ikasketak egin zituen, Madrilen. Pedagogia berritzaileak eta irakaskuntza erreformen onurak jaso zituen, 1936ko gerra lehertu aurretik. Lehen destinoa, praktiketako irakasle bezala, Quintanilla de la Ribera herrixkan (Erriberabeiti, Araba) izan zuen, 1935eko urrian.
Gerra hasi zenean, ordea, hango postua kendu zion erregimen frankistak, eta Getariara bidali zuten, 1937ko irailean. Bi urte igaro zituen Gipuzkoako kostaldean, harik eta 1939an berriz ere maistra postua kendu zioten arte. Francorekin gerra egindako soldadu ohi bat ipini zuten haren tokian.
Gabirian lau urtean
Bigarren aldiz depuratua, Gabiriako nesken eskola nazionalera bidali zuten, 1939ko irailaren 17an, Goiberrik jasotzen duenez. Euskaltzalea zen Etxeberria, eta euskaraz egiten zuen Gabiriako ikasleekin. Hurrengo zigorrerako aitzakia hortxe aurkitu zioten frankistek. Inspektorea etorritako batean, ikasle bati Ave Maria otoitza errezitatzeko eskatu zion. “Neskatoak bikain bete zuen esandakoa, baina euskara garbian eta jatorrean. Amorrazioa hartu zuen inspektoreak, eta espedientean orbana utzi zuen”.
Hala, gobernu frankistak irakasleen postuak birmoldatzeko hurrengo lehiaketa egin zuenean, Pirinioen bestaldera, destinatu zuten: Llança herrira (Girona, Herrialde Katalanak). 1943ko abenduaren utzi zuen Gabiria, eta 1944 hasieran hasi zen Kataluniako lurretan. “Katalanista da, harrezkero” .
1980ko ekainaren 30ean jubilatu zen Isabel Etxeberria. Llançan ezkondu zen eta osatu zuen familia, eta han bizi da. Irailaren 12an Llançan omendu zuten erakundeek eta Aranzadi elkarteak duintasunaren maistra Etxeberria.