Jose Elosegi hiribidean istripua eragin zuen gizona komisarian aurkeztu da
Astelehenean Jose Elosegi hiribidean istripu bat eragin zuen gidariak ihes egin zuen, baina Udaltzaingoaren komisarian aurkeztu da ostegunean, bere abokatuarekin. 28 urteko gizon bat da gidaria, eta polizia etxean deklarazioa hartu ostean, aske utzi dute, epaiketaren zain.
Gizonaren autoaz gain, beste auto bat eta moto bat egon ziren inplikatuta istripuan, eta motoaren gidaria zaurituta eraman zuten ospitalera. Beste autoa txikituta gelditu zen, istripuaren ondorioz farola bat erori baitzitzaion gainean.
Udaltzaingoak astelehenetik zekien nor zen istripua eragin zuen gizona, bere ibilgailuaren matrikula eta bere etxeko helbidea baitzituen. Hain zuzen ere, patruila bat bere etxera joan zen astelehenean bertan, baina gizona ez zegoen han. Orain, Udaltzaingoak Donostiako epaitegira bidaliko ditu eginbide guztiak, jarraitu beharreko prozedura jarrai dezan; arduragabekeriaz eragindako kalteen delitua leporatzen diote.