Transfobiaren aurkako manifestazioa egin dute Donostiako kaleetan zehar
Trans Ikusgarritasunaren Eguna da gaur, eta Donostiako kaleetan manifestazio bat egin dute Transfobiaren aurrean autodefentsa transfeminista! lelopean. Donostiako bilgune feministak, Intzirik, Groseko asanblada feministak, Zizta taldeak eta Donostiako E28 kordinadorak deituta, 50 lagun inguru elkartu dira Bulebarrean, arratsaldeko 19:00etan, trans lege onargarri bat eskatzeko.
Gora borroka transfeminista!; zakila dugun neskak, neskak gara eta alua dugun mutilak, mutilak gara bezalako esaldiak ozen esanaz zeharkatu dituzte kaleak, eta manifestazioaren amaieran manifestu bat irakurri dute. “Badirudi ez gaituztela ikusten, ez gaituztela sumatzen, ez gaituztela kontuan hartzen, baina, ze hostia, noski hemen gaudela, eta hemen egongo gara beti, zuen erasoei aurre egiten, zuen pribilegioak zalantzan jartzen, zuen transfobia deuseztatzen”, esan dute.
Aurreko urtean onartu zen trans legeak kolektiboarentzat “aurrerapausoak” suposatzen dituela, baina lege horrek ez dituela babesten azpimarratu dute. “Ez gara geldituko babesten gaituen lege bat aurrera eraman arte, eta ez gara geldituko trans lege onargarri bat izan arte. Trans lege osatu bat nahi dugu, gutako edonor kanpoan geldituz gero, ez dugu oihu egiteari utziko”, adierazi dute.
Amaitzeko, pertsona transak elkarren artean zaindu eta saretzeko deia egin dute. “Sistema kapitalista cisheteropatriarkala transfeminismoz arrakalatu dezagun, har ditzagun kaleak, apurtu ditzagun kateak, gora borroka transfeminista!”, oihukatuz eman diote bukaera elkarretaratzeari.