Txuri Urdinen historia emakumeek berridatzi dute
Naroa Ruiz de Galarreta, Sara Irizar eta Eva Aizpurua jokalari gazteak elkarrizketatu ditu IRUTXULOKO HITZAk.
2022ko martxoaren 19a ez dute berehalakoan ahaztuko. Egun horretan, Txuri Urdinen emakumezkoen izotz hockey taldeak lehen liga irabazi zuen. Liga erregularrean bigarren bukatu arren, Majadahondaren kontrako finalean hobeak izan ziren. Normalean hiru partidatara jokatu ohi da finala, baina Txuri Urdinek aurreneko bi partidak irabazita altxa irabazi zuen liga. Etxean 4-2 gailendu ziren, eta Madrilen 2-3. Horrela, emakumeek klubaren historia berridatzi dute.
Naroa Ruiz de Galarreta (Amara, 2005), Sara Irizar (Intxaurrondo, 2005) eta Eva Aizpurua (Loiolako Erribera, 2005) elkarrizketatu ditu IRUTXULOKO HITZAk. “Txuri Urdinek 20-0 galdu zuen aurreneko neurketa, eta zortzi urte beranduago liga irabazi dugu”, dio Ruiz de Galarretak. “Taldeko askok argi zuten liga irabaziko genuela. Ni, ordea, ez nintzen batere fidatzen Majadahonda talde oso indartsua delako”, gogoratu du Aizpuruak. Irizarrek, berriz, liga irabazi zutenetik bizi izandakoa nabarmendu du: “Azken bi astetan telebistan, irratian eta prentsan agertu gara, eta askok jakin ahal izan dute Txuri Urdinek nesken talde bat duela”.
Hain zuzen ere, azken bi astetan ospakizun ugari izan dituzte, eta gehiago datozela aurreratu dute. Esaterako, Realak ohorezko sake bat egitea proposatu dio klubari. Hiru jokalariak pozik daude lorturikoarekin, eta dagoeneko kopari begira jarri dira. Apirilaren erdialdean jokatuko dute.
Elkarrizketa osorik irakurri ahal izango da biharko astekarian eta webgunean.