Bertan behera utzi dute Donostia-Baiona-Donostia txirrindularitza martxa
Donostia-Baiona-Donostia lasterketa herrikoia. (Argazkia: Bera Bera) Bihar zen egitekoa 20. Donostia-Baiona-Donostia martxa zikloturista, baina bertan behera uztea erabaki du Bera Berak. Izan ere, biharko eguraldi iragarpena oso txarra da eta alerta laranja dago iragarrita. Antolakuntzak azken orduko bilera bat egin du, eta martxa ez egitea erabaki dute. Data berria ahalik eta azkarren jakinaraziko dutela gaineratu dute.
“Kolpe gogorra da gure klubarentzat, baina argi daukagu baldintza horietan ekitaldi honetan parte hartzen duten pertsona guztien segurtasuna bermatu behar dela, martxa hau gozatzeko pentsatuta eta diseinatuta baitago”, adierazi du Bera Berak. “Espero dugu gure erabakia ulertuko duzuela, gure probaren alde jarraituko duzuela eta data berrian gozatu ahal izango dugula”.

