Denboraren makina Niza hotelean dago
Donostiako hotel ezagunenetakoa da Zubieta kaleko Niza hotela, baina ez da horren ezaguna barruan duen harribitxia: 100 urtetik gorako igogailua. Hiriko zaharrena izanik ere, egunero erabiltzen jarraitzen dute.
Niza hoteleko igogailua, 1911koa. (Argazkia: Beñat Parra) Pasa den asteko asteazkenean, martxoaren 23an, Nazioarteko Igogailuaren Eguna izan zen, eta, aitzakia horrekin, San Martin Auzoa auzo elkartekoak Zubieta kaleko Niza hotelarekin gogoratu ziren. Izan ere, euren arabera, Donostiako igogailurik zaharrena da hotel horretakoa.
Juana Egurenek eta Juan Juantegik Zubieta kaleko txalet bat (1867koa) erosi zuten 1908an, eta eraikina eraberritu ostean, bertan ireki zuten Niza hotela, urte berean. Kutsu modernista izan zuen lehenengo egunetik, eta ireki eta hiru urtera, 1911n, hotela are modernoago bihurtu zuten, igogailua jarri baitzioten; garai hartan, ez ziren gaur egun bezain ohikoak.
Schindler etxekoa zen igogailua, egurrezko kabina zuen, eta kanpoaldeko ateak eta hesiak metalezkoak zituen. Zituen eta ditu, bere horretan jarraitzen baitu igogailuak. Eraikin askotan daude Schindler etxeko igogailuak, baina ez dira Niza hotelekoa bezain bereziak.

Niza hoteleko igogailuaren barruko xehetasun bat, non igogailua noizkoa den jartzen duen. (Argazkia: Beñat Parra)
Hotelaren harrera gunean ez du atentzioa bereziki ematen, harreragileen mostradorearen ondoan baitago: ate txiki bat dauka, apaingarri berezirik gabe. Ordea, kabinan sartuz gero, azkar ikusten da igogailu hori ez dela edozein igogailu: egurrezko horma zahar horiek 111 urte dituzte, eta botoien ondoan erdi hautsita dagoen plaka txiki batean igogailuaren urtea irakur daiteke, besteak beste.
Igogailua, ordea, ez da apaingarri vintage soil bat: funtzionatzen jarraitzen du, eta bezeroek egunero erabiltzen dute. Goiko solairuetara igotzean, orduan bai, benetan nabaritzen da igogailua beste garai batekoa dela, metalezko ate horiek belle époque-ko filmetan soilik ikusten baitira.
Igogailu horrek hitz egingo balu, zer kontatuko liguke? Zenbat pertsona eramango zituen hotelean gora eta behera? Pertsona ospetsu ugari ikusiko zituen, besteak beste, hotela urte luzez kudeatu zuen Eduardo Txillida eskultorea. Hori, ordea, beste istorio bat da.

Niza hoteleko igogailua, 1911koa. (Argazkia: Beñat Parra)


