Etxebizitza berriak eraikiko dituzte Euskal Kabiya zegoen tokian
Joan den asteko asteartean su hartu zuen Jai Alaiko etxea, Euskal Kabiya, bota egin dute dagoeneko, eta etxebizitza berriak eraikiko dituzte han. Su hartu aurretik, eraikina babesteko eskatu zuen Ancorak, herritar ugariren babesarekin.
Sutearen ondoren, Euskal Kabiya etxea bota dute. (Argazkia: Beñat Parra) Pasa den astean, martxoaren 22an, Egiako galtzadaren 55. zenbakiko Euskal Kabiya etxean sutea piztu zen, eta eraikina oso kaltetuta gelditu zen. Gainera, pertsona bat atxilotu zuten, sua nahita piztu izana leporatuta. Hurrengo egunetan, hondeamakina bat sartu zen gunean, eta suak ia osorik suntsitutako eraikina botatzen hasi zen.
Izan ere, aurreikusita zegoen eraikina botatzea eta etxebizitza berriak eraikitzea, baina suteak prozesua azkartu du, segurtasun arazoengatik.
Ancorak jakinarazi duenez, eraikin historikoak euskal estiloko arkitektura zuen, eta 1917an eraiki zuen Miguel Irastorza arkitektoak. Eremuak 1.542 metro koadroko azalera du, eta beheko mugan atezaindegia eta garajea zituen, Manuel Antonio Setien arkitektoak 1927an estilo erregionalista berean eraikitakoak. «Deitoragarria da, landetxe bat suntsitzea ez ezik, antzeko ezaugarriak eta kronologia dituzten eraikinez osatutako multzo koherente oso baten balioa galtzea», gaineratu du Ancorak.
Era berean, gogorarazi du 2017an, herritarren presioaren ondorioz, EHOBPBren aldaketa partzial bat hasi zela, eta 47 eraikin sartu zirela katalogoan; 2021ean, berriz, EHOBPBren Berrikuspen Orokorra egin zen, gaur egun indarrean dagoen dokumentuaren behin betiko onarpenarekin amaitu zena. Testuinguru horretan, Euskal Kabiyak mantendu beharreko balioa zuela pentsatu zuten, eta, hain zuzen ere, babes fitxa bat idatzi zuten, hasierako onarpenera igaro zena. Ordea, jabeek alegazioak aurkeztu zituzten, eta, azkenean, udalak ez zuen Euskal Kabiya eraikin babestuen katalogoan sartu.
Eremua Javier Corta arkitektoari (Grosaenea, S.L.) erosi zuen orduan, eta Plan Berezi bat sustatu zuen han; horri esker, aprobetxamendua handitu daiteke: bederatzi etxebizitza izatera iritsi daiteke, Plan Orokorrean aurreikusitako lau etxebizitzen ordez.
Horregatik, Ancorak «azkenaldian hirian ugaritzen ari diren sute espontaneoak» eta udal gobernuak «aktiboki babesten dituen azpiko dinamika espekulatiboak» salatu ditu.

Intxaurrondo kaleko Elvira etxea eta bere kapera. (Argazkia: Beñat Parra)
Elvira etxeko beirateak babestuko dituzte
Euskal Kabiyarena ez da Ancorak azkenaldian egin duen salaketa bakarra, joan den astean salatu baitzuen Intxaurrondo kaleko 38. zenbakiko Elvira etxea (1893koa) eta bere kapera (1929koa) ere botatzekoak direla. Eraikinek ez dute udalaren babesik, eta astelehenean ziren eraistekoak, baina Ancorak aldundiari eskatu zion gutxienez kaperako beirateak babesteko.
Aldundiak ontzat hartu du Ancoraren eskaera, eta lanak geldiarazi dituzte, beirateak erretiratzeko eta Irungo Gordailura eramateko. Hala ere, barrualdeko lanak joan den astean hasi zituzten, Aita Etxe zaharren egoitzak beste eraikin bat jarriko baitu etxea dagoen tokian, eta aparkaleku bat kapera dagoen tokian, lur azpian bi solairu izango dituena.

Elvira etxearen eta bere kaperaren eremuan eraikiko duten eraikin berriaren eta aparkalekuaren simulazioa. (Argazkia: Ancora)

