"Klubak lan asko egin du emakumeen taldea aurrera ateratzeko"
Lehendabiziko liga irabazi du Txuri Urdinen emakumezkoen izotz hockey taldeak. Finalean Majadahonda hautagaia menderatu zuten. Azken bi astetan ospakizun batetik bestera dabiltza Naroa Ruiz de Galarreta (Amara, 2005), Sara Irizar (Intxaurrondo, 2005) eta Eva Aizpurua (Loiolako Erribera, 2005). Kopa ere eskuratu nahi dute denboraldia borobiltzeko.
Historia egin duzue, eta behar bezala ari zarete ospatzen.
Naroa Ruiz de Galarreta (N.R.): Bai, ospakizun asko izan ditugu. Liga irabazi genuen egunean bertan harrera egin ziguten izotz jauregi aurrean klubekoek, familiek eta lagunek. Oso hunkigarria izan zen. Oso ondo pasa genuen. Pasa den asteko ostegunean Donostiako autobus turistikoarekin hiria zeharkatu genuen, koparekin eta dominekin. Gipuzkoako Aldundiaren eraikinaren aurrean harrera egin ziguten politikariek. Oso polita izan zen.
Eva Aizpurua (E.A.): Instagrametik jende askok zoriondu gaitu [kontu propioa dute: @txurineskak]. Harrera beroa egin digu jendeak, historia egin dugulako.
Sara Irizar (S.I.): Gainera, ospakizunekin jarraitzen dugu. Gipuzkoa Basketen azken partidan ohorezko sakea egin genuen, eta esan digutenez, Realak ere ohorezko sake bat egitea eskaini digu. Ez dakiguna da noiz izango den.
Autobus turistikoaren egin zenuten ospakizunak zer esana eman zuen, asko gozatu zenutelako. Kalean zegoen jendeak bazekien nortzuk zineten?
N.R.: Jende askok ez gintuen ezagutzen. Neska talde bat kopa batekin eta dominekin ikusi zuten, autobus baten gainean, eta egia da askok txalotu eta animatu gintuztela.
S.I.: Emozio handikoa izan zen. Bide osoa abesten pasa genuen, eta gehienak ahotsik gabe geratu ginen. Ederra izan zen ikustea nola txalotzen gintuzten ezagutu ez arren, eta izotz hockeya bera ere zer den jakin gabe. Familiakoak ere aldundira gerturatu ziren gure harrerara, eta hori ere oso polita izan zen guretzat.
E.A.: Nire ustez jende askok ez zekien nor ginen, baina horietako askok azkenerako jakin ahal izan zuten Txuri Urdineko neskak ginela. Izan ere, autobusean Txuri Urdin letra handiarekin irakur zitekeen, eta banderak ere jarri genituen. Autobusarekin egindako ibilbidea oso lagungarria izan zen gure taldeari ikusgarritasuna emateko.
S.I.: Azken bi aste hauetan telebistan, irratian eta prentsan agertu gara, eta horri esker Txuri Urdinek nesken talde bat duela jakin ahal izan dute askok. Gizonezkoen taldea ezagunagoa da ligak eta kopak irabazi dituelako. Orain, ordea, guk ere lortu dugu gure lehen liga.
Hain zuzen ere, orain da zuen momentua. Historia idatzi duzue lehendabiziko liga irabazita. Dagoeneko kontziente zarete lorturikoaz?
N.R.: Nik uste dut bi asteren ondoren, kontziente garela emakumezkoen izotz hockey liga irabazi dugula. Izan ere, Majadahonda gainditu genuen egunean bertan, ez ginen jabetu lorturikoaz. Oso pozik geunden, baina momentuko ilusioarengatik ez ginen konturatu historia idatzi dugula. Bagenekien irabazi genuela, baina une hartan ez genuen barneratu.
S.I.: Jendearen zorion mezuak jasotzean konturatu ginen lorturikoa garrantzitsua zela. Are gehiago, Madrildik bueltan harrera egin zigutenean Anoetako izotz jauregiaren aurrean.
Orain arte jaso duzuen aitortza irabazi duzuen ligaren maila berean dagoela uste duzue?
N.R.: Liga bat irabazten dugun lehen aldia da, eta ezin dut esan maila berean dagoen ala ez.
E.A.: Ezin dugu beste lorpen batekin alderatu, besterik ez dugulako. Beraz, ez dakigu maila berean dagoen. Horrela ere, oso harrituta nago izan dugun harrera beroarekin. Adibidez, ez nuen politikarien harrerarik espero.
S.I.: Beste urte batzuetan irabaztetik gertu egon gara. Hirugarren geratzea lortu genuen, eta iaz bigarren geratu ginen. Orduan ez genuen inolako aitortzarik jaso, eta garrantzitsua izan zen lorturikoa. Aurten liga irabazi dugu, eta, noski, gugan interes askoz ere gehiago jarri dute.
Gazte asko zaudete taldean, eta dagoeneko aurreneko liga irabazi duzue.
N.R.: Gu gazteak izan arren, taldean adin desberdinetako jokalariak daude.
E.A.: Gazteenak 15 urte ditu eta helduenak 38.
Ligako finalaren lehen partida martxoaren 13an jokatu zenuten etxean, eta 4-2 menderatu zenuten Majadahonda. Bigarren neurketa erabakigarria, berriz, martxoaren 19an izan zen. Etxekoa irabazita, zein asmorekin joan zineten Madrilera?
N.R.: Kantxa faktorea zuten arren, guk abantaila lortu genuen etxeko norgehiagoka irabazita. Orduan, uste dut liga irabazteko aukera gehiagorekin joan ginela hara.
E.A.: Taldeko askok argi zuten liga irabaziko genuela. Ni, ordea, ez nintzen batere fidatzen, Majadahonda talde oso indartsua delako. Dena dela, irabazteko asmoarekin joan ginen, presiorik ez genuelako lehen partida irabazita. Nire ustez, kantxa faktorea kaltegarria izan zen beraientzat. Guk etxean oso urduri jokatu genuen, jende asko zegoelako gu ikusten. Han, ordea, gure aldeko jende gutxiago genuen, eta hori mesedegarria izan zen guretzat.
Ligako fase erregularrean bi aldiz aritu zineten elkarren aurka. Donostian galdu egin zenuten (1-2), eta Madrilen irabazi (0-4).
N.R.: Talde honen kontra jokatzen dugun bakoitzean argi dugu ez dugula ezer galtzeko. Azken batean, beraiek hainbat liga irabazi dituzte. Hautagai nagusiak ziren.
Bigarren postuan bukatu zenuten liga erregularra, denboraldi bikaina egin ondoren. Quimeras Valdemororen aurka berdindu zenuten partidagatik ez zenuten lehen tokian bukatu. Ligako finalean arantza hori kendu nahi zenuten?
N.R.: Bai, horrela da. Berdindu genuen neurketa horregatik ez genuen lortu ligako fase erregularreko onenak izatea.
E.A.: Oso gogorra izan zen. Penaltietara iritsi ginenean partida hartan, bagenekien ligako lehen postu hori galduko genuela. Bigarren geratu izanagatik kantxa faktorerik gabe geratu ginen, eta amorratu gintuen. Dena dela, buelta ematea lortu genuen.
Eta nolakoa izan zen Majadahondaren izotz pistan irabaztea liga?
N.R.: Negar asko egin genuen, asko poztu ginen eta besarkada asko eman genituen.
E.A.: Halere, momentuan ez genuen sinesten irabazi genuela. Etxean irabaztea erabakigarria izan zen Madrilera joan, irabazi, eta liga eskuratzeko. Historikoa izan zen. Asteburu intentsua izan zen.
Irabazi berritan, Donostiara itzultzea nolakoa izan zen?
E.A.: Gogor samarra, zentzu onean. Momentuan sentitu genuen emozio guztiak atzean utzi genituen. Etxera itzultzea gogorra izan zen, baina baita ederra ere. Donostiara iritsi ginenean jende asko zain genuen izotz jauregiaren aurrean, eta zoragarria izan zen.
Klubarentzat lorpen garrantzitsua da, gizonezkoen taldea ez dagoelako unerik onenean, ezta?
E.A.: Klubak lan asko egin du emakumeen taldea aurrera ateratzeko. Hiru final jokatu ditugu, eta hirugarrenean lortu dugu finala irabaztea. Klubak gugan sinetsi du hasieratik, eta uste dut beraientzat garrantzitsua dela eskuratu duguna. Asmatu dute guri aukera ematen.
N.R.: Gure maila hobetzeko asko borrokatu behar izan du klubak. Zortzi urteko ibilbidea du talde honek, eta nahiz eta gu ez gauden hasieratik, jakin badakigu lehen partidak oso zailak izan zirela. 20-0 galdu genuen aurreneko neurketa, pentsa. Zortzi urte beranduago liga bat irabazi dugu.
Bakoitzarentzat zer nolako garrantzia du liga hau irabazteak?
E.A.: Indarra ematen digu etorkizunean pentsatzeko. Ohorea da irabazi izana, baina kirol honi eman diogun ikusgarritasuna garrantzitsuagoa iruditzen zaigu. Datorren sasoian jokalari askok utziko dute taldea, eta ez dakigu zer gertatuko den. Horregatik, etorkizuna eraikitzen hasi behar dugu. Harrobiko lana da indartu behar duguna. Neskak erakarri behar ditugu izotz hockeyra, askok uste dutelako kirol hau soilik gizonezkoena dela.
Gainera, taldean ez zaudete soilik jokalari donostiarrak. Euskal Herrikoak eta atzerrikoak ere badaude. Beraz, Txuri Urdinek ateak zabalik ditu.
N.R.: Kanpoko jendea dugu taldean, bai, baina epe ertain eta luzera begira ez da erraza jokalari horiek mantentzea. Batez ere, distantziarengatik.
E.A.: Faktore horrengatik, entrenamendu askotan neska oso gutxi egon gara. Pandemiak ere eragin du zentzu horretan. Azken batean, ez gara hazi harrobi faltarengatik. Gasteizko taldea desegin zen harrobirik ez zuelako, eta hango hainbat jokalari Donostiara etorri ziren. Liga irabazita, zabaldu nahi dugun mezua da jendea behar dugula.
Txuri Urdinen jokatzeko zer behar da?
S.I.: Gogoa, batez ere. Guk ez genekien patinatzen hasi ginenean. Sticka ere ez genekien erabiltzen. Ez da egun batetik bestera ikasten. Entrenamendu askorekin lortzen da izotz hockeyan aritzeko gutxieneko maila. Nik gogoan dut Halloween egun batean etorri nintzela patinatzera, Evarekin batera. Probatu nuen, eta izena ematea erabaki nuen.
E.A.: Inoiz ez da berandu Txuri Urdinen jokatzeko. Gu txikitan hasi ginen, baina 20 urterekin hasi direnak ere badaude. Pentsa, hasiberriekin iritsi gara aurtengo finalera, eta irabazi egin dugu.
N.R.: Esan bezala, gogoa behar da. Kirol honek denbora asko eskatzen du. Entrenamenduak oso berandu dira, eta asteburutan izaten ditugu bidaiak. Partida asko ditugu.
Zenbat urterekin hasi zineten Txuri Urdinen?
E.A.: 5 urterekin.
N.R.: 6 urterekin.
S.I.: Eta ni 7 urterekin.
Eta zein da zuen postua izotz pistan?
N.R.: Defentsa lanean aritzen naiz.
S.I.: Eskuin hegalean jokatzen du.
E.A.: Nik, berriz, eskuin eta ezker hegalean jokatzen dut; jartzen nauten lekuan.
Aurrera begira jarriko gara, kopan lehiatuko zaretelako apirilaren erdialdean. Jacan jokatuko da finala, lauko formatuan. Quimeras Valdemoro izango duzue arerio. Prest zaudete?
E.A.: Dena emateko prest gaude, bai. Liga ez ezik, kopa ere irabazi nahi dugu. Denboraldi honetan talde oso ona daukagu, eta hori aprobetxatu nahi dugu bi tituluak eskuratzeko.
N.R.: Partida bakarrera izango da finalerdia, eta badakigu oso zaila izango dela.
S.I.: Iaz bezala, berriz ere, Quimeras Valdemoro egokitu zaigu kopan. Ondo ezagutzen dugu elkar, ligan lehia estuak izan ditugulako. Iaz Majadahondari irabaztea lortu zuten, eta guk ez. Talde oso indartsua da.
N.R.: Aurrerago esan bezala, beraien pistan berdindu eta penaltietan irabazi genien. Beraz, gure jokorik onena egin beharko dugu kopako finalera iristeko.
Kopa irabazi ala ez, datorren denboraldian Txuri Urdinen jarraituko duzue?
N.R.: Bai, noski.
S.I.: Zalantzarik gabe.
E.A.: Bai, oso gogotsu gaude jarraitzeko.