Teresa Alonso, zinemara iritsi den gerrako haur adoretsua
97 urte ditu, donostiarra da, eta ‘Matrioskas. Las niñas de la guerra’ pelikulako protagonista nagusia da. Donostiako Sincro ekoiztetxeak hartu du parte ekoizpenean, eta, bihar, 19. Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan emango dute, Viktoria Eugenia Antzokian.
Teresa Alonso 'Matrioskas. Las niñas de la guerra' pelikularen grabaketan. Erretratuzko pelikula bat da Matrioskas. Las niñas de la guerra. Helena Bengoetxea zuzendari iruindarraren gidaritzapean, 36ko gerran erbesteratuak izan ziren adineko lau emakumeren historia kontatzen du. Teresa Alonso, Alicia Casanova, Araceli Ruiz eta Julia Delgado Euskal Herritik eta Asturiastik atera ziren 1937 eta 1938 urteetan, haurrak gerratik ateratzeko antolatu zituzten espedizioetan.
Teresa Alonso Gutierrez donostiarraren bizitzan jartzen du fokua pelikulak. Gaur egun 97 urte ditu eta Bartzelonan bizi da, baina 36ko gerra hasi baino lehen, Egia auzoan bizi zen. 1936an Bilbora joan zen amarekin eta ahizparekin, Donostian tropa frankistak sartzeko arriskua baitzegoen. «Azokaren egunean, amak Gernikara bidali zuen haragia erostera, eta kasualitatez, 12 urterekin Gernikako bonbardaketaren lekuko izan zen», adierazi du Bengoetxeak.
Egoeraren konplexutasuna aztertuta, 1937ko uztailean Santurtziko portutik Sobietar Batasunera bidali zuen amak Alonso, Havana zamaontzian, eta bertan ezagutu zuen bere bizitzako maitasuna: Ignacio. Alonsok Leningradeko setioan igaro zuen gerra, gorpuak biltzen eta munizio fabriketan lanean.
Ignacio eibartarra zen, eta Moskuko pilotuen eskolan ikasten amaitu zuen. «17-18 urterekin frontera bidali zuten, eta Alonsorekin ezkontzekoa bazen ere, bikoteak gerraren ostean ezkontzea erabaki zuen. Ignacioren hegazkina naziek eraitsi zuten eta Tallinnen (Estonia) erori zen. Ignacio bertan lurperatu zuten hobi komun batean, eta Alonso horretaz jabetu zenean, bere buruaz beste egiten saiatu zen», jakinarazi du Bengoetxeak.
Alonsoren amesgaiztoa
Horren ostean, psikiatriko batean sartu zuten, eta bisitak egiten zizkion argazkilari errepublikano batekin ezkondu zen ondoren. Alaba bat izan zuten elkarrekin, baina bikoteak dibortziatzea erabaki zuen azkenean.
1958an Bartzelonara itzultzea erabaki zuen, bere aita bertara erbesteratu zutelako. Hala ere, Alonsok ez zuen zorterik izan, Bartzelonara Frankismo betean itzuli zelako eta bere familiak alde batera utzi zuelako. «30 urteren ostean erbestetik itzuli ziren pertsonak deabruaren pare ikusita zeuden, komunismoan hezi zirelako», azaldu du zuzendariak.
Bizkarrean obus batek eragindako lesioa zuen, eta, azkenean, hotel batean telefonista gisa lan egiteko aukera izan zuen. Bota egin nahi izan zuten musikari errusiar batekin itzultzaile lanak egiten harrapatu zutelako, baina, azkenean, logelak garbitzera behartu zuten. Eskailera baten azpian bizi behar izan zuen inork ez ziolako etxe bat alokatu nahi, eta bere alaba moja batzuekin bizitzera bidali behar izan zuen ezin zuelako mantendu. «Jakingo balu, ez litzatekeela inoiz itzuliko dio», esan du zuzendariak.
Milaka gerrako haur
Gerrako haurrek monitore eta irakasleekin bidaiatzen zuten, eta hasieran, behin-behineko plana zen: gerrako pobreziatik aldendu nahi zituzten, Francorekin amaitzen zutenean berriro itzultzeko. «Baina denok dakigu zer gertatu zen, eta jende hau ez zen inoiz itzuli. Hainbat espedizio egin ziren eta orotara, 32.000 eta 35.000 haur artean atera zirela kalkulatzen da, 4-5 eta 12-13 urte bitartekoak. Horietatik 3.000 pertsona orduko Sobietar Batasunera joan ziren, eta ez ziren 1950eko hamarkadaren amaierara arte itzuli», azaldu du Bengoetxeak.
Hala ere, horren atzean ezezagunagoa den istorio bat dago. Sobietar Batasunera joan zirenen artean, 200 pertsonako talde batek Kubara bidaiatu zuen bere kabuz 1961 eta 1962 urteen artean, batez ere, itzultzaile lanak egiteko. «Pelikula hau egoera hori bizi izan zuten lau emakumeren historian zentratzen da. Lau emakumeak Errusiara joaten dira, eta horietatik hiruk Kubara bidaiatzen dute ondoren, Teresa Alonsok izan ezik», esan du azkenik.

