Ba al dakizu Korrikaren lekuko originala San Telmo Museoan dagoela?
Korrikaren lekuko originala Donostiako San Telmo Museoan dago, kutxa garden batean babestuta, eta horma batean zintzilikatuta. Remigio Mendiburu (Hondarribia, 1931-Bartzelona, 1990) eskultoreak egin zuen eta 1990ko hamarkadatik dago museoko erakusketa iraunkorrean.
Mendiburu hil zenean iritsi zen lekukoa San Telmo Museora, izan ere, AEK-k dohaintzan eman zion museoari. Korrika sortu zenean eskultoreak AEK-ri entregatutako sei lekukoetatik hauxe da kontserbatzen den bakarra.
AEK-k Mendibururi Korrikako lehen lekukoa egiteko eskatu zionean, eskultorea Juan Gorriti margolariak Nafarroako Arribe herrian duen tailerrera joan zen lekukoa diseinatzeko inspirazio bila. Gorritik motrailu bat hartu zuen eta euskaldunen baserrietan eta historian motrailua lekuko bat zela. Gorritik lau edo bost eredu erakutsi zizkion, eta Mendiburuk horietako bat hartu, eta lekukoa sortzeko oinarri gisa erabiliko zuela erabaki zuen. Horrela, motrailua eraman eta lekukoaren diseinua egin zuen eskultoreak.
Torlojurik ez zuen, ordea, Mendibururen diseinuak eta lekukoak barnean daraman mezua atera egin izan da noizbait, estalkia ondo itxita ez zegoelako. Gaur egungo lekukoa Juan Gorritik egindakoa da, eta Mendibururen lekukoaren diseinu bera badu ere, torlojua jartzea erabaki zuen Gorritik, mezua Korrikaren azken egunean soilik atera dezaten bertatik.