Barra klasikoaren erakustaldia egin dute Kontxan
Dantzaren hilabetea da apirila, eta gaur dantzari gehien bildu ohi dituen ekitaldia egin dute Donostian. 1.300 dantza ikasle inguru elkartu dira Kontxako barandan. 1997tik barra gisa Kontxako baranda erabili izan dute. Azken bi urteetan, pandemia dela eta ezin izan dute egin, eta gaur itzuli dira barra klasikoko erakustaldia egitera.
Dantza ikasleen artean ibilbide luzeko dantzari profesional bat izan da: Lucia Lacarra zumaiarra. Dantza jendearengana hurbildu behar dela aldarrikatu du Lacarrak, eta pozik egin du dantza Kontxan, itsasoari begira. Jende andana gerturatu da Lacarrarengana, argazkiak egitera eta dantzaria agurtzera. Thalia Estudioko ikasleekin dantzatu da, Donostiako eskola honetan hasi baitzen balleta ikasten. Eta hain zuzen, bere irakasle Mentxu Medelen ondoan dantzatu da gaur. Txalo artean agurtu du publikoak. Maiatzaren 22an Kursaal Auditorioan izango da.