13/13 auziko epaiaren aurkako manifestazioa egingo dute Donostian larunbatean
13/13 sumarioko auzipetuak, 2021ean, epaiketa hasi aurretik. Agerraldia egin zuten ostiralean Xabier Amuriza idazle eta bertsolariak, Ana Perez sindikalistak, Gotzon Barandiaran idazleak eta Luix Barinagarrementeria abokatuak, 13/13 auzian epaitu dituztenen aldeko plataformen izenean, epaiaren balorazioa egiteko. Lau akusaturi hemezortzi urteko espetxe zigorra jarri dien sententzia “injustizia” bat dela salatu dute, prozesu osoa “irregulartasunez eta eskubide urraketez gainezka egon delako”.
Adierazi dute zigorrek bi helburu dituztela; alde batetik, epaitutakoen eta haien senide eta lagunen “sufrimendua areagotzea”, eta “Euskal Herriarentzako konponbide demokratikoa oztopatzea”. Gainera, torturak, abokatuen bulegoen miaketak, CNIren esku hartzea eta prozesuan agertu diren bestelako irregulartasunak salatu dituzte, eta ondorioztatu dute «berme juridiko oso gutxirekin egindako epaiketa» izan dela.
Hori dela eta, manifestazio bat egingo dute, larunbatean 17:30ean, Saguestik abiatuta, 13/13 auziaren epaia gaitzesteko.


