Astebetez etengo dute Kote Cabezudoren aurkako epaiketa
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren defentsak eskatuta, datorren astelehenera arte eten dute Cabezudoren aurkako epaiketa. Joan den astean, fiskalak erabaki zuen argazkilariaren aurkako zigor eskaria bikoiztea, 250 urteetaraino, eta akusazio partikularrak ere igo egin du bere eskaria (2.338 urtekoa eskatzen zuen orain arte, eta 2.629 urtekoa eskatzen du orain), orain arte ikusi gabeko froga grafiko batzuk erreproduzitu dituztelako epaiketan.
Horregatik, defentsarako eskubidea urratu dela esan du defentsak, eta epaiketa bertan behera utzi eta instrukzio fasera itzultzeko eskatu du; hori posible izango ez balitz, epaiketa hamar egunez atzeratzeko eskatu du. Epaileak ez du lehenengo eskaera onartu, baina bai bigarrena, nahiz eta astebetez atzeratu duen, eta ez hamar egunez. Berria egunkariak eman du albistea.
Horrela, datorren astelehenean, hilaren 11n, bere ondorioak aurkeztuko ditu fiskalak, asteartean akusaziok gauza bera egingo du eta asteazkenean defentsaren txanda izango da. Cabezudok berak ere azken hitzak esateko aukera izango du asteazkenean. Aurreikusitako data horiek beteko ez balira, ordea, epaiketaren amaiera maiatzera atzeratuko litzateke, apirilaren 22an epaimahaiko kide bati ebakuntza bat egitekoak direlako. Atzeratzeak, beraz, Cabezudo espetxetik ateratzea eragingo luke, maiatzaren 4an beteko baitu legez behin-behineko espetxealdian egon daitekeen gehienezko denbora (lau urte).