Dbusek BYD markaren hamabi metroko autobus elektriko bat probatuko du
Txinako BYD markako hamabi metroko autobus elektriko bat probatuko du Dbus konpainiak. Aurreikuspenen arabera, ibilbide simulazioak egingo ditu 26. Amara-Martutene lineako autobus baten atzean, gaurtik hilaren 10era, gutxi gorabehera.
Dbusek autobus flota elektrifikatzeko prozesuaren aurreko fasean probatzen duen bigarren autobus elektrikoa da, MITMAri (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioa) Next Generation funtsen gidaritzapean eskatutako laguntzei esker. Horien bidez, konpainiak 7.198.800 euroko diru laguntza jasoko du, ibilgailuak elektrifikatzeko eta %100 autobus elektrikoak erosteko kotxetegien azpiegitura elektrikoa berritzeko jarduketaren barruan.
BYD K9UB modeloko ibilgailua %100 elektrikoa da, eta baterien teknologia propioa eta energiaren kudeaketa optimizatua ditu; horri esker, eragiketa baldintza errealetan, kontsumo oso txikiak lor daitezke antzeko prestazioak dituzten beste ibilgailu elektriko batzuekin alderatuta. Era berean, 37 bidaiari eta gidariarentzako lekua duen autobus eredu berriak 204 CVko (150 kw) potentzia duten bi motor elektriko ditu, bat atzeko gurpil bakoitzean, ibilbideen baldintza zorrotzak gainditzeko adinakoa. Karga denbora lau eta erdi eta bost ordu artekoa da.