Giza kate bat egin dute kalean bizi diren pertsonei elkartasuna adierazteko
Hiritarron Harrera Sareak deituta, etxerik ez duten pertsonei elkartasuna adierazteko giza kate bat egin zuten atzo 50 lagun inguruk Alderdi Ederren, udaletxe parean. Azkenaldian, ostegunero Gipuzkoako Aldundiaren egoitzaren arkupean egin dute lo hainbat herritarrek Donostiako etxegabeen arazoa salatzeko eta Ondarretako La Sirena aterpetxea neguko egun guztietan irekitzeko eskatzeko. Atzo, ordea, lo zakuak, mantak, kartoiak eta esterak Alderdi Ederren jarri dituzten.
“Negu hau lo egiteko etxe baten aukera ez duenarentzat gogorra izan da. Eta udaberria ere modu bertsuan hasi da. Hala ere, dagoeneko ez dago La Sirena aterpetxea irekitzeko aukerarik, ofizialki neguan ez gaudelako. Hiritarron Harrera Saretik, behin eta berriz, neguan La Sirena era iraunkorrean irekitzeko eskatu dugu, baina ez dugu udaletxearen aldetik inolako erantzunik jaso”, salatu zuten.
Lo-zakuekin eta lurrean etzanda egin zuten giza katearen bidez, egunerokotasunean egoera hori pairatzen dutenen errealitatea irudikatu nahi izan zuten. “Ekintza honen bidez salatu nahi dugu bizitzeko, jateko, lo egiteko, deskantsatzeko eta hotzik ez pasatzeko txoko bat ez dutenei ez dietela laguntzarik eskaintzen. Gure baloreak kontuan hartuta, horrek ez luke inolaz ere bidezkoa izan behar. Beharrezkoa da gure hirian bizi den egoera krudel hau ikusaraztea erakundeei, ekiditeko neurriak har ditzaten eskatzeko”, nabarmendu zuten.