Jarrera arrazista Iguana tabernan: bi gazte sahararri sarrera ukatu diete "moroak izateagatik"

Parte Zaharreko Iguana tabernan jarrera arrazista bat izan dela salatu dute, bi gazte sahararri sarrera ukatu dietela eta. Larunbat gauean izan zen gertakaria, eta atezainak esan zien bi gazteei ezin zutela sartu, “moroak zirela” argudiatuta.
Sofia Fernandez Lavinek kontatu du (Kantabria, 2000) eraso arrazista Twitterren. IRUTXULOKO HITZAk berarekin hitz egiteko aukera izan du. Azaldu duenez, astea pasatzera etorri dira lagunak, Giza Eskubideen Zinemaldian epaimahai gaztean parte hartuko dutelako.
Larunbatean, 00:00ak aldera, zerbait hartzera joan ziren Iguana tabernara, hiru neska eta bi mutil saharar. Neskei sartzen utzi zieten, baina bi mutilei ez. Arrazoia galdetzerakoan, atezainak esan zuen ezagutzen zituela eta arazoak sortu zituztela. Fernandezek erantzun zien ezinezkoa zela, neskak Kantabriakoak direlako, eta mutilak Malagakoak. Orduan atezainak esan zien “moroak zirela, eta magrebtarrekin arazoak izan zituztela, eta ez zirela sartuko”.
Eztabaidaren erdian, ustez lokaleko jabea zena atera zen, “harrokeria handiaz” eta esan zien “berak erabakitzen duela nor sartzen den eta nor ez bere tabernan”, eta ezin zutela ezer esan. Fernandezek eta bere lagunek poliziari deitu zioten orduan, salaketa jarri asmoz.
Udaltzainek “trabak baino ez”
Udaltzaingoa tabernara joan zenean, eta Fernandezek gertatutako azaldu ondoren, “salaketarik ez jartzeko” proposatu zieten, eta “modu adiskidetsuan” konpondu zezatela proposatu. Ustez lokaleko jabea zenak, orduan, “barkamena eskatu, eta kopa batzuk hartzera” gonbidatu zituen gazteak. Fernandez eta bere lagunek, ez zuten gonbidapena onartu: “Nire lagunak, gainera, musulmanak dira, eta ez dute alkoholik edaten”. Azpimarratu duenez, ustezko jabeak bai, baina atezainak ez zien barkamenik eskatu.
Afera ez zen bertan bukatu. Goizeko hirurak aldera, Udaltzaingoaren polizia etxera joan ziren salaketa jartzera, eta, bertan, inolako intzidentziarik ez zegoela konturatu ziren. Udaltzainek, “trabak baino” ez zizkieten jarri: “Ez du ezertarako balioko, utzi igarotzen” eta “horrelakoak” esan zizkieten. Salaketa jartzeko, biharamunean joatea proposatu zieten, baina sahararrak Oñatin daude asteburu pasa, eta “joan-etorriak eta geroko tramite guztiak direla eta, salaketarik ez jartzea erabaki dute”. Fernandezek salatu duenez, “poliziek konplikatu egin diete salaketa jartzea, argi eta garbi”.
Donostiako Udaltzaingoak baieztatu egin du Fernandezek emandako bertsioa; udaltzainak “jabea oker zegoela ikusita” bitartekari lanak egiten saiatu zirela, alegia, “modu adiskidetsuan gaia amaitu zedin”. Salaketa egiteko Morlanseko polizia etxera joateko aukera zutela esan zieten, baina oraindik ez dutela salaketarik jaso onartu dute.
Arrazakeriaren gorakada
Donostian jarrera arrazisten gorakadaz ohartarazi dute, azken aldian, hainbat gizarte eragilek, Harrera Sareak eta SOS Arrazakeriak, besteak beste. Fernandezek hori azaldu du: “Lapurreta eta segurtasun arazoak izan direla kontatu digute, baina horrek ezin du justifikatu arabiar guztiak zaku berean sartzea!”. Kontatu duenez, tamalez, ohikoa da bere lagun sahararrentzat: “Aurreko batean, saltoki handi batera sartu ziren, eta sartu zirenetik, atera ziren arte, segurtasuneko langileak izan zituzten jarraitzen”.
Jarrera arrazista hauek salatzea beharrezkoa dela uste du Fernandezek. Are gehiago bere lagun sahararrekin: “herritartasun gabe bizi dira, errefuxiatuen kanpamenduan jaio direlako. Ezin al dugu begirunez jokatu?”