Astiñeneko zubi berriaren erdiko zatia jarri dute
Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriaren lanak azken txanpan sartu dira. Hainbat astetako atzerapenarekin, zubiaren erdiko pieza jarri dute astearte eguerdian. Bi beso ditu erdiko pieza horrek, eta horietako bat da garabi handi baten laguntzaz txertatzen ari direna. Zailtasun ugari izan dituzte besoa bi muturretara lotzeko, baina azkenean lortu dute. Aldamioetako bat aldatu beharko izan dute erdiko piezaren lehen zatia txertatzeko. Udaleko iturrien arabera, aste osoa emango dute behin pieza txertatuta soldatzeko lanekin. Piezak 40 metroko luzera du, eta 43 tonako pisua.
Urumea ibaiaren bi alboetako zatiak denbora daramate jarrita, eta horiek egonkortzeko hainbat lan egin dituzte. Lehen zatia iazko abenduaren 1ean kokatu zuten, Egia kalearen aldeko egituran. Bigarren zatia, berriz, otsailaren 17an, Loiolako Erriberako pasealekuaren aldean. Garabi handi zein txiki bana erabili zituzten lan horietarako.
Uztailerako prest
Donostiako Udalak iragarri zuen ekainerako zubi berria erabilgarri egongo zela. Dena dela, bi alboetako muturretan izandako arazo batzuengatik eta garraiolarien grebarengatik are gehiago atzeratuko da obra. Aurreikuspen berriaren arabera, uztaileko lehen hamabostaldirako zirkulazioari irekitzea espero du udalak.
Orduan eraitsiko dute zubi zaharra. Zubi berriak diseinu kurbatua izango du, eta hiriko lehendabizikoa da forma horrekin. Ibaiaren gainean bi zutabe baino ez ditu izango; horrela, ur goraldien aurrean oztopoak saihestuko dira. Bestalde, zirkulaziorako bi errei, espaloiak bi aldeetan eta bidegorria izango ditu.