EH Bilduk Kontxa azpiko zulaketen inguruan galdetuko dio ETSri
Ostegunean, hilaren 7an, Euskal Trenbide Sarearen lanen udal batzorde ez iraunkorra egingo dute udaletxean, 11:00etan. EH Bilduk eskatu du batzordea, eta bi gai eramango dituzte. Batetik, Altza eta Galtzaraborda arteko obra, eta, bestetik, Kontxa azpiko zulaketa lanen bigarren saiakera.
Udal batzordea “beste behin ere” EH Bilduk eskatu behar izan duela salatu dute. Bi hilean behin elkartzeko konpromisoa du aipaturiko batzorde ez iraunkorrak. “Azken bilera abenduaren 9an izan zen, eta, nahiz eta metroaren igarobidearen obrak alarma sozial handia sortzen jarraitzen duen Donostian, eta Altzarekin lotzen duen adarraren obrak hasi berri diren, Eneko Goiaren gobernuak uko egiten dio batzorde hau bere ekimenez deitzeari. Igarobidearen obrekin zerikusia duen guztiaren gardentasun faltaren beste adibide bat”, azaldu du udal taldeak.
ETSk oraindik ez du baieztatu Kontxa azpiko zulaketa lanak berrartu dituzten ala ez. 2020ko ekainaren 5ean Zubieta kalean agerturiko zuloarengatik bertan behera utzi zituzten zulaketa lanak. “Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak berehala ziurtatu zuen zulaketak 2021eko ekainean hasiko zirela. Jarraian, jakin zen obrek ez zutela Espainiako Kosta Zuzendaritzaren baimenik, eta zulaketa lanak atzeratu egiten zirela ministerioak eskatutako aldaketak proiektuan txertatu arte. Baimen hori azaroaren 8an iritsi zen eta ETSk berriro ziurtatu zuen zulaketa lanak hurrengo asteetan hasiko zirela. Abenduaren 9ko batzordean, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendariak ziurtatu zuen Kontxa azpiko hondeaketa lanei 2022ko urtarrilean ekingo zitzaiela”.
Lau hilabete pasa dira ETSko zuzendariak emandako epe hartatik, eta zulaketa lanak ez dituzte ofizialki berrabiarazi. “Langileen iturriek duela egun batzuk baieztatu zioten EH Bilduri Kontxa azpian ez zirela zulaketak egiten hasi eta lurra indartzeko injekzioekin jarraitzen zutela”. Kontxa azpiko zulaketen bigarren saiakeraren atzerapena dagoeneko hamar hilabete ingurukoa dela ohartarazi du udal taldeak. “Osteguneko Batzordean EH Bilduk berriro galdetuko du atzerapen horren arrazoiez, gaizki konpondutako akats zaharrengatik edo akats berriengatik den. Era berean, galdetuko dugu ea atzerapen berri horrek zer gainkostu ekarriko dituzten”.
Altza-Galtzaraborda lotura
Pasa den asteko Ekialdeko Barrutiaren bileran Altza-Galtzaraborda lotura izan zuten hizpide, besteak beste. Obren hasieraz eta bizilagun batzuek agerturiko kezkez aritu ziren. “Horren aurrean, EH Bilduk konpromisoa hartu zuen bere kezka ETSko batzordera eramateko eta udal gobernuari eskatzeko Altzan bilera publiko bat egiteko”.
Azpiegitura horren eraikuntza Altzako geltokiko zaku hondoarekin bukatuko duela nabarmendu du EH Bilduk: “Metroaren igarobideak ez bezala, trenen maiztasuna areagotuko du. Hau da, obra hau funtsezkoa da lurraldeko erabiliena den Irun-Donostia ardatzaren mugikortasun eredua eraldatzeko, jasangarriagoa izan dadin eta zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu dadin”.