Intziri taldea hiriko puntu eta gune beltzak identifikatzen ari da
Donostiako Neska* Gazteen Intziri talde feminista hiriko puntu eta gune beltz edo kritiko guztiak identifikatzeko lanketa bat egiten ari da, eta herritarren laguntza eskatu dute horretarako. Emakumeentzat seguruak ez diren lekuak dira puntu eta gune beltzak, ikusgarritasun urria dagoelako edo bestelako arrazoiengatik.
Hain zuzen ere, Internet bidezko galdetegi bat sortu dute, herritarrek horren bidez helarazi ahal izateko ezagutzen dituzten puntu beltzak. Intzirik nabarmendu du Donostia ez dela “hiri segurua”, eta gaiari irtenbide bat eman nahian dabiltzala: “Lehen urratsa sozializazioa izan zen, baina, oraingoan, Donostian aurki ditzakegun puntu beltzak identifikatu nahi ditugu. Hauei alternatibak eskaintzeko”. Hain zuzen ere, galdetegiaren bidez identifikatzen dituzten puntu eta gune beltz guztiekin, Donostiako puntu beltzen mapa “berregituratu” nahi dute.