Iztuetako trenbide azpiko pasabide berria hilaren 9an irekiko dute
Larunbatean, hilaren 9an, Egia eta Gros lotzen dituen Iztuetako pasabide berria irekiko dute zirkulazioarentzat. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, datozen egunetan trenbide azpiko errepide berria asfaltatuko dute, eta seinale horizontalak margotuko dituzte. Larunbateko goizeko 8etatik aurrera erabili ahal izango dute ibilgailuek pasabide berria.
Konexioa behin-behinekoa izango dela dio udalak, zirkulaziorako bi errei baino ez dituelako izango, noranzko bakoitzean bat. Ordutik aurrera, inguruaren urbanizazioa hobetzeko fasea hasiko dute. Batez ere, Iztueta, Zuhaizti, Egiako galtzada, Aldakoneako bidegurutzea, Mandasko Dukearen pasealekuaren bukaera eta Justizia jauregiaren ingurua.
Lanak bukatu aurretik, kaleen urbanizazioa saneatzeko eta kaleko mailan jartzeko jarduketak ere egingo dituzte, Mandasko Dukearen biribilgune berriarekin lotzeko. Jarduketa horietarako, zirkulazioa eten beharko dute. Ondorioz, Egiako galtzada eta Aldakoneako zirkulazioa egun batzuetan desbideratu beharko da, asfaltatzea hilaren 11n aurreikusita baitago. Horrela, egun batzuetan bi norabideetako zirkulazioa Miserikordia kaletik egin beharko dira.
Hilaren 12an, berriz, Iztueta, Iparragirre eta Tomas Gros kaleak egoiliarren zirkulaziorako eta garajeetarako sarbiderako bakarrik izango dira. Iztueta kalearen eta Zuhaizti parkearen arteko lotura bertan behera geratuko da, zirkulazioa banatzeko biribilgune berriaren azken fasea hasiko baita Mandasko Dukearen hasieran. Aldakoneatik datozen autoak bide berrira gehitu ahal izango dira, baina ez alderantziz; hau da, Aldakoneako bidetik.