Sarrionandia, Aieten: "Badirudi nazioa eraiki beharrean futbol talde bat egiten ari dela"
Aieteko euskara batzordeak antolatuta, solasaldia eskaini du asteartean Joseba Sarrionandiak. Habanako gaukarien trilogia zuen aitzakia, baina literaturaz gutxi, eta bizitzaz asko hitz egin du. Irati Zubia filosofoa arduratu da testuinguruaz eta saioa gidatzeaz.
Kontatzeko modua elkarrizketarako gonbidapena dela uste du Zubiak. “Sarrik gauez idatzi zuena guk arratsean, iluntzean hitz egiteko har dezakegu. Kontatzeko modua iradokitzailea da: modu iradokitzailea tantakatzen dira mamitsuak diren gaiak. Gauak iradokitzen du halako opakotasun bat, ez baitzaigu dena kontatzen”. “Tira, ez da guztiz egia”, moztu du Sarrik, “idazten oso motela naizelako, eta gauez hasitakoa egunez bukatu behar izaten nuen”.
Zubiaren ustez, liburu hauen berezitasuna da “lehen aldiz lokalizatuta” dagoela Sarri: “Habanatik idazten digu. Habanatik Habanari, Euskal Herriari, Munduari, iraganari eta orainari begira”. Euskara, kolonialismoa, politika, asimilazioaz, subiranotasunaz, nazioaz, eta inguruan gertatzen diren gauza txikiez hitz egiteko aukera.
Sarrik azaldu duenez, “edozertaz hitz egiteko” liburuak dira, baina “ezjakintasunetik” eta “umiltasunetik” idaztiak. Honela aitortu du: “XXI.mendera lekuz kanpo heldu naiz, ez dut ondo ulertzen”. Gainontzekoon moduan, bistan da, mendearen abiadura ulertzea kosta egiten zaigula.
“Edozertaz hitz egiteko” gonbidapena, Kubari, euskarari, politikari eta berriro Kubari buruzko gogoetetara mugitu da.
Euskararen egoera
Azken 40 urteotako euskararen aldaketez ezin duela ganoraz hitz egin uste du, “kanpoan egon delako”. Baina modernizatu behar izan duen hizkuntza moduan ikusten du euskara: “Gure aittitte-amamek zuten euskara galdu egin da hirira jaisterakoan”.
“Euskal kultura hiritar” berri bat sortu da, baina “subkultura” moduan: “Baina minorizatuak jarraitzen dugu, eta korrontearen kontra. Mendiko soinu hura desagertu da, baina euskara moderno honek ere bizirauteko arazoak ditu”.
Ilusio eta esperantza politikoen galerarekin lotu du: Zein da imajinatzen dugun etorkizun politiko desiragarria? “Orain ez dago esperantza politikorik”.
Hizkuntza politiko judizial eta biktimista
Estrategia politikoen ordez, hizkuntza politikoaren erabilerari heldu zion, Aristoteles jarraituz, hiru hizkuntza mota ezberdinduz: “Eder hitz egitea (epidiptikoa), gertatutakoa epaitzeko diskurtsoak (judiziala) eta erabakiak hartzekoa (deliberatiboa). “Telebista piztu eta lehen biak entzuten ditut. Politikaren gune beharko lukeen parlamentuan lehen biak bakarrik daude, tautologiaz edo biktima-biktimismoz jarduten”.
Jendeak politikaz ez hitz egiteaz kezka adierazi du: “Azken hamarkadak traumatikoak izan direlako” eta, hain zuzen, lengoaia judiziala gailendu delako, biktima-biktimismo koordenadatan.
Ñabardura egin du: “Ez da soilik borroka armatuarengatik”, Katalunian, baita Espainian ere, honelako egoera ikusten baitu. “Gure gurasoak bezala, gerraondoko jendeak bezala, isiltzen ikasi dugu, kulpabilizaziotik”.
Tximiniaren gorengo adreilua
Horregatik, “zero puntura itzultzeko beharra” aldarrikatu du. “Gazte garaian” eztabaida eternalak zeuden trosko, maoista eta abarren artean: “Nazioa eta sozialismoa poltsikoan eramaten genituen. Tximinia beheko adreiluetatik abiatu beharrean, goikoetatik hasten genuen. Eta eztabaida gorengo adreilua non ipini zen”. Zubiak berreskuratu du Sarriren ideia bat “nazioa komunikazio espazioa” dela, alegia.
Hain zuzen, “nazioa ez da ezer, egiten duzuna baizik”. “Badirudi nazioa eraiki beharrean futbol talde bat egiten ari dela. Behetik gora eraiki behar da, adostasunetan, bestela sekta bat izateko arriskua dago”.
Makinariaren asimilazioa
Euskal Herria zenbat aldatu den galdetuta, emakumeen paper, presentzia eta garrantzia azpimarratu du lehenik. Asimilazio kulturalaz jardun du ere: Euskal Herrian “jendeak uste du normala dela bertako bizitza, eta ez da batere normala”.
Euskal gizartea makinaria handi baten moduan irudikatzen du, eta “inor ez dago” bertatik kanpo: “Gure kuadrillan oso ezberdina zen, makinariatik kanpo ginen; erdia ETAn, beste erdia drogetan sartuta. Orain denak oso integratuak daude”. Eta galdera luzatu du, “datorren ostegunean goizeko 10:00etan non egongo zareten badakizue, ezta?”.
Kubarekin alderatu du: lanaren kultura ezberdina, banaketa sistema indartsu baina ekoizpen baxua (“Fidelek ordaintzeko plantak egiten ditu, eta guk lan egitearen plantak”), kosmobisio eta genesi ezberdina, santukeria, Olofi jainkoa eta Changó eta Yemayá santuak, egiaren eta gezurraren kultura…
Hamaika dira ukitutako gaiak, denoi motza (motzegia) egin zaigun solasaldian. “Hasi besterik ez gara egin eta” aitortu du Sarrik. Solasaldiak jarraitu du Aieteko Euskara Batzordeak prestatutako afari intimoan. Eta hor ere, “edozertaz hitz egiteko” gonbidapena, Kubari, euskarari, politikari eta berriro Kubari buruzko gogoetetara mugitu da.