"Behingoz saharar herriaren eskubideak bete daitezela aldarrikatzen dugu"
Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen Smara kanpamenduan jaio zen Fatimetu Zenan (1999) eta haurra zela iritsi zen Euskal Herrira; Bermeora, lehenik, eta Ikaztegietara, gero. Gaur Mendebaldeko Sahararen erreferendumaren alde, kanpaldia antolatzen aritu da. Goizeko 9:00etan hasi dute kanpaldia PSE-EEren egoitzaren aurrean, Bilbo plazan.
Gipuzkoa mailako antolakuntza izan dela azaldu digute, Sahararen aldeko elkarteak, eta “elkartasunez ari diren bestelakoak ere: Bilgune Feminista, ELA, LAB, Steilas… kolektibo ugarik eman digute babesa”.
Hitzaldia eskaini dute Fatimetuk eta Hassanna Aaliak, Espainiako Gobernuak, eta bereziki, Pedro Sanchezek azken astotan egindako deklarazioak salatuz, nazioarteko legedia urratzen dutelako. Hain zuzen, esan dutenez, gaur bertan “Pedro Sanchez Rabatera joan da, kasualitatez, eta Marokorekin duen harremana begi bistan geratu da”. Oraingoz ez dute gatazka konponduko denaren esperantzarik, eta “lanean jarraitu” behar dutela ziurtatu dute, protestak eta “beharrezkoa dena eginez”.
Mendebaldeko Sahararen egoera okertu egin da, Fronte Polisarioa eta Marokoren arteko gerra berpiztu denetik. Fatimeturentzat 2020ko azaroak 13 oso data esanguratsua da, harrez geroztik, Marokoko armadak “su etena puskatu du eta zibilen kontra ari delako. Inpotentziarekin bizi dut, baina aldi berean gogotsu, gatazka amaitzeko sua berriro piztu delako”.
Urruntasunetik bizitzea “oso gogorra da” Fatimeturentzat: “Jakitea nire lagunak, nire familia, gerrara joan direla oso gogorra da, eta are gogorrago, hemen eskuak gurutzatuta geratu behar dugula asumitzea”. Hala ere, hemen ere borrokan daudela sinesten du Fatimetuk: “Egiten ari garena borrokatzeko modu bat da”.
Ukrainiako gerra ekarri du gogora Fatimetuk: “Bertan gertatzen ari dena oso gogorra egiten ari zait. Batez ere zibilei egiten ari direna; onartezina da eta lotsagarria. Aldi berean, komunitate internazionalari esatea gustatuko litzaidake, biktimak ez direla aintzat hartu behar bakarrik begi zuriak eta ile horiak dituztenean. Guk 45 urte baino gehiago daramagu gatazkan, baina afrikarrak garenez, beltzak garenez, musulmanak garenez, gutxietsi egiten da”.
Arratsaldean bertsolariak izango dira Bilbo plazan eta 19:00etan mobilizazioa egingo dute bulebarreraino.