"Ezin da etxebizitzarik eraiki bizi ezin den lekuetan"
Loiolako Erriberako bizilagun elkartea kezkatuta dago Eusko Jaurlaritzak auzoan egin nahi duen etxebizitza proiektuarekin. «Legez kanpokoa» dela kontatu digu auzo elkarteko lehendakariorde Daniel Fernandezek, eta auzoarentzat ekipamenduak eskatu ditu.
Nola dago egoera?
Azaroaren 4an udalarekin bilera bat izan genuen. Esan ziguten ez zutela proiektuaren inguruan inolako informaziorik, eta jakinaren gainean izango ginela. Egun horretatik ez dugu inongo berririk. Badakigu Eusko Jaurlaritzarekin hiru aldiz bildu direla, uste dugu proposamen bat egiten ari direla; proiektuaren altuera murrizteko. Baina ez dakigu, ez zer ari diren pentsatzen, ez zer erantzungo dieten [elkarrizketa hau martxoaren 23an egin zen, udalak apirilaren 1ean iragarri zuen proiektua].
Udalak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen lur sail hau 2020ko apirilaren 3an, eta Eusko Jaurlaritzak lehiaketa abiatu zuen hemen bizitoki zerbitzudun egokituak eraikitzeko. Madrilgo enpresa batek irabazi zuen espero dezagun inolako lotura politikorik gabe, arkitekto horietako bat Manuela Carmena alkatea ohiaren semea baita. Hogei pisuko bi dorre egitea da proiektua. Jaurlaritza da arduraduna, baina gu udalari ari gatzaio eskaerak egiten auzo elkartea, eta batez ere Riberas en Acción bizilagun mugimendua, azken finean berari dagokiolako Plan Orokorra eraldatzea hemen eraikiko denaz erabaki ahal izateko. Bera da Donostian egingo denaren eta ez denaren erantzulea eta arduraduna.
Zer egin beharko luke udalak?
Plan orokorrak debekatu egiten du hemen eraiki ahal izatea. Saihesbidearen gertutasunagatik, debekatua dago etxebizitzak eraikitzea. Baina,harrigarriki, etxebizitza sozialek ez dute babes hori; etxebizitza librea dago babestuta, ez etxebizitza soziala. Horren gordina da. Etxebizitza soziala horrenbeste babestu eta aldarrikatzen duten politikari horiek honelako gauzak egiten dituzte. Errekurtsorik ez duenak, leihoak itxita bizi behar du, ezin duelako soinua jasan, baina dirua duenak bai egin dezake. Hauteskundeetako esku orrietan X etxebizitza gehiago eraiki dituzula esateko, haiek biziko ez liratekeen baldintzetan bizi araziko diete zahar eta gazteei?
Hemen ezin bada etxebizitzarik eraiki, zer ari da gertatzen?
Zerbitzudun etxebizitzen legeak baimentzen du horrelakoak egitea. Honela, etxebizitza horiek frontoi baten edo kirol eremu baten pareko egin nahi dituzte, eta beraz, etxebizitza eraikitzea legez kanpokoa den lekuetan eraikitzea ahalbidetzen du. Hemen eraiki duten tranpa berdinarekin autobide azpian eraiki lezakete baita ere.
Beraz, zuen ustez soinua da arazo nagusia.
Bi aldarrikapen ditugu guk: lehena, ezin da etxebizitzarik eraiki bizi ezin den lekuetan. Eta bigarrenez, hemen dugun lursail hau da Loiolako Erriberan ekipamendurako dugun azken lur eremua. Zerbitzuen defizita duen auzoa gara. 6.000 biztanleko auzoa gara, Astigarragaren edo Orioren tankerakoa. Pentsaezina da Astigarragan edo Orion ez egotea anbulatoriorik, edota kultur etxerik, liburutegirik, haurtxokorik… inori ez zaio burutik ere pasatzen, baina udalak baimendu egiten du Erriberako bizilagunak auzotik atera behar izatea zerbitzu bila, haur zein heldu. Auzo guztietan denetarik egon ezin den aitzakian, hemen ez dago ezer. Lursail hau defendatzen ari gara, hau delako auzoan ekipamendu komunitarioa edukitzeko azken aukera.Hau legez kanpokoa da, eta prest gaude epaitegietara jotzeko.
Zer dago auzoan eta zer nahiko zenukete?
Eskola bat dago, kudeaketa pribatua duen kirolgune bat dago, zeinetan kirol txartelarekin eremu mugatu baterako sarbidea dugun. Kito, ez dago ezer gehiago. Pozten gara Amara, Egia eta bestelako auzoengatik, ekipamendu mordoa dituztenak, eta guretzat ere nahiko genituzkeenak, ez zerogarren minutuan, baina bai urteen etorrerarekin. Eta kezkatzen gaituena da, lursail hau beste zerbaiterako erabiltzean, aukera horiek galtzea.
Hirigintzan etxebizitza bakoitzeko 5m2 eskaini behar dira erabilerarako. Etxebizitza hauek, ez dituzte eskainiko, eta are gehiago, besteenak kenduko dituzte. Tranpa bat da, Loiolako Erriberako bizilagunak kaltetzeko. “Ez dizkizuegu zerbitzurik ematen, eta protestatzen ari zaretenez, izorratuko zarete, eta tori adreilua!”
Loiolako Erribera proiektu batekin sortu zen, eta horregatik etorri zen jendea hona bizitzera. Bizilagunak engainatu zituzten, beraz.
Zer dio udalak azpiegitura faltaren inguruan?
Egingarria litzatekeela ekipamendu txiki bat eraikitzea. Kultur etxea, edo dena delakoa. Baina gero giza baliabideak eskaini behar zaizkie. Guri gustatuko litzaigukeena da kultur teknikariren batek ordu batzuk eskaintzea auzoari. EAJ-k aholkularietan duen %10arekin kontatuko bagenu , konformatuko ginateke!
Zer proposatzen duzue?
Udalaren erantzukizuna ez den arren, osasun etxe bat eskatzen du jendeak: hiri osoan anbulatorioa urrutien duen auzoa gara gu. Morlansera joan behar dugu. Zaharrentzako 120 etxebizitza eraikitzea, hain zuzen, anbulatoriorik ez duen auzoan, ez da zentzuzkoa. Ez dago nondik heldu.
Haur eta gazte asko ditugu hemen, eta ezin ditugu Loiola eta Amarara eraman. Gizarte Zerbitzuettaik deitu ziguten, helduak kalean gimnasia egiten ari zirela eta, nola egiten ote genuen. Udalaren funtzio batzuk betetzen ditugu hemen!