Kostunbrismoaren berezko absurdoa
Zuzendaria: Ernesto Sevilla.
Urtea: 2022.
Herrialdea: Espainia.
Camera Café: La película
Orain dela bi urte, Madrilgo 2 de Mayo arte guneak erakusketa berean jarri zituen Goyaren grabatuak, Chiquito de la Calzadaren alkandora bat, eta Miguel Nogueraren marrazki surrealistak. Joaquin Reyes umoristak aholkatuta, esposizioak Humor absurdo. Una constelación del disparate en España zuen izena, eta horrexetan jartzen zuen fokua, espainiar kostunbrismoaren eta umore absurduaren arteko lotura intimoan. Goya margolariaren interesen artean zegoen, adibidez, herri ohitura eta sinesmenen izaera ilogiko, amoral eta zentzugabea. Esan liteke, bada, hemeretzigarren mendeko grabatu haiek ospakizun umoretsuaren eta kritika-sozialaren arteko muga hauskorrean mugitzen zirela; eta, hein batean, Torrenteren moduko figura garaikideei erreparatuz gero, baliteke tentsio bera oraindik ere gure testuinguruan presente egotea —nik behintzat, Santiago Seguraren filmak ikusten ditudanean ez dut argi izaten gustu txarreko zentzugabekeria ironikoa den ala ez—. Herri-mailan arrakasta izaten duen komedia kostunbristak ez al du maiz izaten, bada, nolabaiteko ukitu absurdo hori?
Aitortu beharra dago euskal panorama ere ez dela tentsio horretatik libratu. Izan ere, Wazemank telesaila (Eitb-n, goizeko hiruetan) berrikusiz gero, baliteke ikusleak antzeko pertzepzioa izatea; erreferentzia folklorikoen zein Auto-Patxi-ren kiratsa alde batetik, tonu zeharo absurdo eta abangoardista bestetik. Wazemank-en garai hartan Espainia mailan ‘los chanantes’ etiketarekin ezagutu diren kideek ere antzeko umorea ekoitzi zuten. Ernesto Sevillak gorpuzten zuen ‘el Gañan’ pertsonaia, esaterako, ez zegoen Jose Motaren unibertsotik urruti, eta, bestalde, post umorearen kategorian sar zitezkeen sketch arraroak zituzten, maila meta-ironikoan mugitzen zirenak. Beharbada, nahaste arraro horrek erakarri du Arturo Valls, eta Ernesto Sevilla eta Joaquin Reyes chananteei Camera Café telesailaren egokitzapen zinematografikoa bideratzeko laguntza eskatu die. Esteban Navarro gidoilariarekin batera, kostunbrismoaren berezko absurdoa muturrera, ia parodiaren eremura, eraman nahi izan dute.
Hortaz, baliteke jatorrizko telesailaren antzeko zerbait espero duen ikuslea aretotik guztiz nahastuta irtetea. Sevillak serieko sketchen formatu klasikoa bere lau pareta itogarrietatik atera nahi izan du, pertsonaia haiek kontatzen zutena (eta pantailan ikusten ez zena) modu arriskutsuan berrirakurriz. Arrisku hori neurriz kanpoko absurdoarekin batera datorren berezko arrisku bat da. Izan ere, filmak ez du ez estrukturarik, ez denbora-logikarik, ez estetika finkorik, ezta miresteko aktore lanik ere… finean, ez du seriotasunik. Arturo Valls eta chananteen arteko marihuana gau baten emaitza dirudi (LSD pixka batekin, beharbada) —stoner filmen kategorian sailka genezake hein batean, Cheech and Chong bezalako klasikoen logika falta baitu, substantziaren baten eraginpean ikusteko egina egongo balitz bezala—. Zentzu horretan, bidaia psikodelikoa da Camera Café: atsegina izango da batzuentzat, desatsegina besteentzat. Harrigarriena (absurdoena, nahi bada), ekoiztetxe handi batek baimendu izana. Uste baino absurdoagoa ote da herri umore kostunbrista?